Debabarrenean gaikako bilketa ia %2 igo da urte eta erdian
Mankomunitateko lehendakariak esan du datu positiboak saltokietan eta ostalaritzan egindako kanpainei, herritarrak kontzientziatzeko eguneroko lanari eta herritar guztien inplikazioari zor zaizkiela.
2020an Debabarreneko gaikako bilketa %54,02koa izan zen, eta hamabi hilabete geroago, 2021aren hasieran, %55,26ra igo zen. 2021eko ekainean, aldiz, gaikako bilketa %55,99koa izan da. Beraz, urte eta erdian eskualdeko gaikako bilketa ia %2 igo da. “Mankomunitateak positibotzat jotzen du epe horretan gaikako bilketak eduki duen bilakaera”, esan dute mankomunitateko ordezkariek.
Debabarreneko Mankomunitateak 2020ko ekainean aurkeztu zuen Plan Estrategikoak jasotzen du 2030erako gaikako bilketa %70 izatea. Helburu horretara heltzeko, hainbat irizpide ezarri zituzten. “Bide horretan, hainbat kanpaina egin dira herritarrak sentsibilizatzeko eta gaikako bilketa hobetzeko”.
Iosu Arraiz Debabarreneko Mankomunitateko lehendakariak eskerrak eman dizkie herritarrei birziklatzeko ohiturak hobetzearen alde egiteagatik. “Datu positiboak saltokietan eta ostalaritzan egindako kanpainei, herritarrak kontzientziatzeko eguneroko lanari eta, jakina, herritar guztien inplikazioari zor zaizkie”. Eta gaineratu du gaikako bilketaren ehuneko handiago baterantz urratsak ematen jarraituko dutela.