33. Ziortzako Kontzertuen zikloa, abian
Zapatuan hasi [irailak 11] eta datorren asteko domekara [irailak 19] aintzinako musikaz gozatzeko aukera egongo da Ziortzako Monasterioan. Lehen mundubiran parte hartu zutenak omenduko dituzte zapatuko emanaldian.
33. Ziortzako Kontzertuak aintzinako musika zikloaren emanaldiak hasiko dira zapatuan [irailak 11], Ziortzako Monasterioan. Bi asteburutan banatuta, lau kontzertuz gozatzeko aukera egongo da. Emanaldi guztiak 18:00etan hasiko direla eta sarrerak Internetez erreserbatu behar direla esan dute antolatzaileek.
Hasteko, zapatuan XVI. mendeko musika profanoa eskainiko dute, eta kontzertu hori lehen mundu bira egin zuten itsas gizonei omenaldia egiteko baliatuko dutela esan dute.
Domekan [irailak 12], ostera, Jone Martinez sopranoari eta Passamezzo Antico taldeari esker Veneziako Errepublikan murgiltzeko aukera egongo dela esan dute.
Datorren asteko zapatuan [irailak 18] Joseph Etxebarriak 1686an egindako eta gaur egun Euskal Herriko organorik zaharrena dena eta Juan de la Rubia organo jotzailea izango dira protagonistak.
Musika zikloagaz amaitzeko, XVI. eta XVII. mendeetako instrumentuaz gozatzeko aukera egongo da irailaren 19an: zango biola.
Kontzertuak:
- Irailak 11: Ministriles Hispalensis taldearen kontzertua.
- Irailak 12: Passamezzo Antico eta Jone Martinez sopranoa (Vivaldi Pax sincera).
- Irailak 18: Juan de la Rubia organo jotzailea.
- Irailak 19: Jordi Savall (zango biola) eta Xabier Diaz Latorre (tiorba eta gitarra).