Mikele Sotil etxebarritarraren erakusketa dakar Uhagonera Harriak ekimenak
Domekan [irailak 12] egingo da Markina-Xemeinen, arte garaikideko diziplina ezberdinak uztartuko dituen ekimena. Guztira lau ekintza egongo dira, tartean etxebarritarraren erakusketa. Parte hartzeko mezu bat bidali behar da Harriaken helbide elektronikora.
Harriak arte garaikideko programa Markina-Xemeinera ailegatuko da domekan [irailak 12]. Profeten kabitu ezina, no hay tierra para tanto profeta izenagaz burutuko da ekintza, eta bertan Etxebarriko Mikele Sotil Etxabe artistak parte hartuko du. Sotil Arte Ederretan graduatua da, ondoren, Pintura Masterra egin zuen, eta gaur egun Zinemarako eta Antzerkirako Jantzien Diseinuko Masterra egiten ari da.
Harriak Eusko Jaurlaritzaren Eremuak programaren baitako arte garaikideko ekimena da, arte bitartekaritzarako, erakusketarako eta dibulgaziorako espazio berriak sortzeko helburua duena. Ekimen horretan gorabidean datozen artistak parte hartzen dute; horien artean dago Etxebarrikoa.
Harriak ekimenaren baitan Markina-Xemeinen egingo den ekintzak egun osoko egitaraua izango du eta diziplina ezberdinetako lanak uztartuko ditu: soinu-performancea, bideo-instalazioa, irudia, jantziak, margoa, eta abar. Guztira, lau ekitaldi ezberdin egongo dira. Alde batetik, goizean Xabier Barrutia, Idoia Leatxee, Mairi Olabarrieta, Nerea Olea eta Nera Txakartegik Marmolari kantak kontzertua eskainiko dute Meabe auzoko harrobi txikian; 15:00etatik aurrera, alde batetik, Uhagon kulturgunean dagoen Sotilen erakusketa ezagutzeko aukera egongo da, eta bestetik, Andrea Plaza eta Ainhoa Unzuek Kartzeletxean jarriko duten ikus-entzunezko egitura ikusteko aukera. Azkenik, 17:00etan, horma-irudi bat egingo du Uhagon kulturgunean Mattin Altadillek eta Chill Mafia DJ Set Basajaun Sound Systemek musika jarriko du.
Bestalde, Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak testu kritiko bat idatzi du programarako, eta testu hori domekatik aurrera egongo da ikusgai Uhagon kulturguneko erakusketa gelan eta Eremuaken blogean.
Uhagon kulturguneko arduradunek jakitera eman dutenez, Sotilen lana ikusgai egongo da datozen asteburuetan ere. Erakusketako giltza kulturguneko kafetegian eskatu beharko da.
Edukiera mugatuta egongo denez, domekako ekintzetara joateko mezu bat bidali behar da harriak2021markina@gmail.com helbide elektronikora.