Esperientzia artistiko desberdinez bete da Markina-Xemein
Harriak programaren eskutik eta Uhagon kulturgunearen laguntzagaz, arte garaikideko jardunaldia egon zen atzo [irailak 12] Markina-Xemeinen. Gorabidean datozen disziplina ezberdinetako artistek parte hartu zuten.
Hainbat diziplinatako sortzaileak Markina-Xemeinen elkartu ziren atzo [irailak 12] euren sortze-prozesua eta lanak ezagutzera emateko asmoz. Harriak programaren eskutik eta Uhagon kulturgunearen laguntzagaz, arte garaikideko jardunaldi bat egin zen herriko hainbat tokitan, eta esperientzia artistiko eta kultural ezberdinak bizitzeko aukera eduki zuten parte hartzaileek.
Meabe auzoko harrobi txikian hasi zen goizean, jardunaldia, Marmolari Kantak ekitaldiagaz. Munduko hainbat lekutan aurkitu daitezkeen Markina-Xemeingo harrobietatik etaratako marmolagaz eginda dauden lanak aintzat hartuta kontzertua eskaini zuten Xabier Barrutiak, Idoia Leatxek, Mairi Olabarrietak, Nerea Oleak eta Nere Txakartegik. Gitarra, baxu eta kantuaren bidez, marmolaren inguruko zenbait abesti proposatu zituzten.
Eguerdi ostean, berriz, Mikele Sotil etxebarritarrak eta Andrea Plaza eta Ainhoa Unzue artistek euren lana erakutsi zuten. Sotilen lanak Uhagon kulturguneko lehen solairuan daude ikusgai; Arretxinaga bidean dagoen kartzeletxean jarri zuten berriz, Plazak eta Unzuek, ikus-entzunezko instalazioa. Bi taldetan banatuta ezagutu zuten artisten lana.
Musika eta pintura. Arratsaldera arte luzatu zen Harriak programak eskainitako esperientzia, eta arratsaldean, Uhagon kulturguneko lorategia izan zuten topagune artistek eta jardunaldian parte hartzera animatu zirenek. Giro ederrean, musikaz eta arteaz gozatzeko aukera eduki zuten. Chill Mafia DJ Set Basajaun Soinu Sistemak musika jartzen zuen bitartean Mattin Altadillek bolatokiaren ondoko adreiluzko horman horma-irudi abstraktu bat margotu zuen.
Nerea Ibarzabal bertsolari, kazetari eta idazle markina-xemeindarrak ere parte hartu zuen jardunaldian. Ibarzabalek topaketaren kronika idatzi du. Izatez, Profeten kabitu ezina izenagaz gauzatu den jardunaldia abuztuan egitekoak ziren, baina COVID-19 dela-eta atzoko egunera atzeratu zuten. Bere ikuspegitik abiatuta azaldu du jardunaldia Ibarzabalek. IRAKURRI TESTUA HEMEN.