Artibai Futbol Taldeak nesken taldeak osatu nahi ditu
Bi jardunaldi antolatu dituzte, bihar [irailak 16] eta irailaren 25ean, Barroeta futbol zelaian, eta 2013an edo aurretik jaiotako Markina-Xemein zein inguruko herrietako neskak deitu dituzte parte hartzera.
Artibai Futbol taldeak ate irekien jardunaldia antolatu du. Klubaren helburua adin ezberdinetako emakumezkoen taldeak osatzea da, eta, horretarako, Markina-Xemein eta inguruko 8 eta 13 urte bitarteko neskei dei egin diete.
Ritxi Escobar Artibai Futbol Taldeko koordinatzaileak azaldu duenez, taldearen kirol proiektuko oinarrietako bat emakumeen taldeak osatu eta martxan jartzea da. Etapa bakoitzeko talde bat sortu nahi dute. Hau da, benjamin (2013-2012), alebin (2011-2010) eta txikien (2009-2008) mailetako taldeak. “Hamar edo hamabi neskekin atera daitezke taldeak maila horietan Futbol 7an aritzen dira eta. 16-18 urte bitarteko neskak orain futbolean hastea zaila da, hala ere, hiru adin tarte horietako taldeak osatzeko ahalegina egingo dugu”.
Jardunaldiak bihar [irailak 16] 17:00etatik 18:15era eta irailaren 25ean, zapatua, 11:00etatik 12:15era, izango dira, eta gero hamaiketako bat egingo dute.
Escobarrek gogora ekarri modura, Markina-Xemeingo Artibai Futbol Taldea erreferentea izan da emakumezkoen futbolean, orain dela urte batzuk arte. Emakumeen taldea eduki zuen urte askotan. “Belaunaldi onak batu ziren, eta urte asko eutsi zioten taldeari. Baina apurka-apurka eta urteak aurrera egin ahala zenbiltzanak uzten joan ziren, ez zen ordezkorik egon, eta taldea desagertu egin zen”.
Proiektuak ze erantzun izango duen ez dakite, hori dela eta antolatu dituzte jardunaldiak, “futbolean jokatu nahi duten neskek Barroeta zelaia ezagutu eta lehen harremanak egiten joan ahal izateko”. Hori guztiori antolatzeko Yvonne Mendibegaz jarri ziren harremanetan. “Mendibe irakaslea da, Athleticen egon da, eta Espainiako selekzioan ere jokatu zuen. Emakumezkoen futbolaren erreferentea da, eta beregana joan ginen laguntza eske”.
Ahalegin guztia. Artibai Futbol Taldeko arduradunak azaldu dutenez, ikasturte hasieran herriko guraso elkarteak banatzen duen Eskola Kiroleko eskaintza orrian egongo da baita ere Artibai Futbol Taldeko nesken taldeetan izena emateko aukera, bai mistoan zein emakumeen taldean. “Datorren astean jakingo dugu zenbatek daukaten interesa, eta zenbakien arabera jakingo dugu taldeak sortu ahalko diren edo ez. Hala ere, gu baikorrak gara. Orain dela urte bi geneuzkan zenbakiak ikusita, benjamin eta alebinetan taldeak sortuko ditugula uste dugu. Txikien mailakoa osatzea zailagoa izango da. Belaunaldi bakoitzean egoten dira bizpahiru futbolari, baina txikien mailara igarotzen direnean utzi egiten dute edo Mutrikura edo Elorriora joan behar dira, kilometroak egin behar dituzte futbolean egiteko. Gure aldetik ahalegin guztiak egingo ditugu etapa bakoitzeko talde bat sortzeko”.
Emakumeen taldeak sortzeko helburua epe ertainera begirakoa dela esan du Escobarrek. “Sei urtean 30 edo 40 neska futbolean jokatzen ari badira, aurrera egiteko aukera gehiago izango dute. Azken finean, behetik eratutako egitura bat izan behar da. Helburu hau lortzeko gakoa gauzak ondo egin eta neskak ondo zainduta egotea dela uste dugu, neskak Barroetan gustura egotea eta taldeko kide direla sentiaraztea”.
Neskek ere futbola bizitzea nahi dutela ere gaineratu du Artibai FTko ordezkariak. “Kirolaren alderdi guztiak bizitzea nahi dugu: aldageletako giroa, kuadrilla giroa… . Neskak sarritan bakarrik edo binaka daude taldeetan; esate baterako, bakarrik egon behar izaten dute aldageletan, hor sortzen den giro hori bizi barik. Hori aldatzea nahi dugu. Taldeak sortu nahi ditugu neskek ere zelaitik kanpo dagoen kirolaren beste alderdi hori ere bizi ahal izateko, entrenatzera joan eta kuadrillan komentatu zer gertatu den… giro hori sortu nahi dugu”.
Bestalde, 12 urtegaz futbolean jarraitzeko daukaten muga ere gainditu nahi du taldeak. “Talde faltak edo jolastera kanpora joan behar izateak jarraitzea eragozten die, eta askok utzi egiten dute futbola. Aurrera jarraitzeko aukera hori eskaini behar diegu”.