Flysch Beltza zeharkaldia lehiatuko dute Mutriku eta Deba artean
Zapatuan [irailak 18] 12:30ean hasiko da proba, Mutrikuko portuan. Parte hartzaileek gehienez ere bi ordutan egin beharkjo dute 3.000 metro inguruko zeharkaldia.
VII. Flysch Beltza itsas zeharkaldiko parte hartzaileak zapatuan [irailak 18] 12:30ean hasiko dute proba. Ordu horretan Mutrikuko portutik abiatuko dira igerilariak eta Debako hondartzan amaituko dute proba. Hain zuzen, 3.000 bat metroko itsas zeharkaldia izango da. 220 igerilarik izena eman dute, eta antolakuntzak autobusak jarriko ditu horiek Debatik Mutrikura eramateko.
Igeriketa proba egiteko gehienezko denbora ezarri dute antolatzaileek; parte hartzaileek gehienez ere bi ordutan egin beharko dute, eta denbora hori gaindituta, antolakuntzak uretan jasoko ditu igerilariak.
Hasiera batean, sailkapenean sartzeko neoprenorik gabe egin behar zela zehaztu zuten antolatzaileek, baina uraren tenperatura nahikoa baxua denez, neoprenoarekin egitea baimendu dute.
Kategoriak eta sariak. Emakumezkoetan zein gizonezkoetan launa kategoria daude: Absolutu, master, master + eta beterano. Sariei dagokionez, absolutu mailan lehenengo hiru sailkatuak sarituko dituzte, gainontzeko hiru kategorietan, ordea, lehenengo amaitzen dutenak.
Pandemiaren eragina. Aurreko urteetan bi ibilbide egoten ziren aukeran. Batetik Saturraranetik Debarainoko itsas zeharkaldia egin zitekeen, eta bestetik, Mutrikuko portutik Debako hondartzarainokoa. Iaz irailaren 13an egitekoak ziren, eta pandemiagatik, bertan behera uztea erabaki zuten, aurten, pandemiagatik, ibilbide laburra soilik egitea erabaki dute.