Aurten ere ez da Lea-Artibaiko Urriko Azokarik egingo
Urriko Azoka Nagusiak "berekin dakartzan jende pilaketak eta sor daitekeen jai giroa" ekidin nahi dituztela azaldu dute. Urriaren 9an zen egitekoa azoka.
COVID pandemia dela-eta Markina-Xemeinen egin ohi den Urriko Azoka Nagusia bertan behera uztea erabaki dute azoka elkarlanean antolatzen duten Lea-Artibaiko udal guztiek eta Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak. “Urriko Azoka Nagusiak berekin dakartzan jende pilaketak eta sor daitekeen jai giroa ekidin nahi dira” azaldu dute. COVID-19ak eragindako osasun egoeraren aurrean, momentu honetan halako ekimen bat modu seguruan ospatzeko berme eta baldintzarik ez dagoela esan dute.
“Ondo bidean, urriaren 9an zen egitekoa aurtengo Urriko Azoka, baina, pandemiak hala eraginda, zuhurtziaz eta arduraz jokatu beharra dago. Hala, herritarrei eskatzen zaie jai alternatiborik ez egiteko eta erantzukizunez jokatzeko”.