Gaueko aisialdia luzatzea erabaki du LABIk
Dekretu berria bihar [irailaren 18] sartuko da indarrean, eta, besteak beste, itxiera ordutegia 03:00ak arte luzatzea erabaki dute. "Beheranzko joera jarraitua delako erabaki dugu neurriak arintzea", esan du Sagarduik. Kirol jarduera eta antzekoetan gehienez barrualdeetan 1.500 lagun batu ahal izango dira, eta 1.800 kanpoko jardueretan
LABIren Aholku Batzordeak gizarte jarduera normalizatua berreskuratzeko neurri berriak onartu ditu gaur [irailak 17] goizean egindako bileran. Dekretu berria bihar [irailaren 18] sartuko da indarrean, eta, besteak beste, itxiera ordutegia 03:00ak arte luzatzea, edukiera % 75era arte zabaltzea eta gaueko aisialdirako establezimenduak berriro irekitzea aurreikusten du.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, “beheranzko joera jarraitua da”, eta datuek “egoera desberdina dela baieztatzea ahalbidetzen dute”. Sailburuak esan duenez, txerta daitezkeen herritarren %85ek txertoa hartuta egonik, arindu egin da izurriaren larritasuna. Gainera, ZIUetan eri gutxiago daude orain, eta hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua ere apalagoa da orain: 150 kasukoa. «Aurreko Labiren bileran baino ia berrehun puntu gutxiago». Ondorioz, trantsizioan eta sendotasunean aurrera egin daitekeela adierazi du: “Egungo baldintzetan, egokia da jarduera sozial normalizatua berreskuratzeko trantsizio-etapa kudeatzea”.
Oinarrizko prebentzio-neurriak mantentzeko beharra azpimarratu du batzordeak: eskuen higienea, maskara erabiltzea, espazio itxiak aireztatzea eta jende pilaketetan ez parte hartzea. Neurri berriei dagokionez, ordea, kirol jarduera eta antzekoetan gehienez barrualdeetan 1.500 lagun batu ahal izango dira, eta 1.800 kanpoko jardueretan. Ostalaritzan %75eko jarduera onartuko da barruan, eta barran ezingo da kontsumitu. Toki itxietan zortzi laguneko taldeak onartuko dira; kanpoko aldeetan, hamabikoak. Txoko eta antzekoetan antzera jokatu beharko da. Dantzaleku eta antzekoetan %50eko jarduera onartuko da, eta debekatuta egongo da barran eta zutik kontsumitzea. Gazteen lokalak irekitzea onartuko da 16-29 adin tartean gazteen %85 txertatuta daudenean.