2.400 bonu sorta ipini ditu eskuragarri III. Loratu Mutriku bonu kanpainak
Bonu sortak herriko 53 saltokitan erabili ahalko dira, gaurtik [urriak 5] azaroaren 13ra bitartean. Sortak turismo bulegoan daude eskuragarri; 35 euroko prezioa dute, eta horien eros ahalmena 50 eurokoa da.
Herriko jarduera komertziala suspertu eta herriko familien ekonomian laguntzeko helburuarekin III. Loratu Mutriku bonu kanpaina abiarazi du Mutrikuko Udalak. “COVID-19ak herritarrengan zein herriko hainbat sektoretan izan duen eragin kontuan edukirik, Mutrikuko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako jarduera sustatzea eta herriko familien ekonomia laguntzea du helburu kanpaina honek”. Gaurtik [urriak 5] hasita, 2.400 bonu sorta jarri dituzte herritarren eskura, eta horiek gastatzeko azken eguna azaroaren 13a da. “Epe horretatik aurrera ezingo dira gastatu erositako bonuak”.
Udalak 2020eko udazkenean antolatu zuen lehen erosketa bonu kanpaina, eta herriko hainbat sektoreren jardueran “eragin baikorra” eduki duela ikusi ondoren, esperientzia errepikatzea erabaki dute. “Herritarrengan ere, oihartzun zabala eduki zuen eta askok eskertu zuten ekimena aurrera eraman izana. Hori kontuan izanik, 2021ean ekimen hau errepikatzea erabaki zen, baina bi garai ezberdinetan banatuta, bata udaberrian eta bestea udazkenean. Udaberriko kanpaina ere oso arraskastatsua izan zen, eta oraingoa ere beste hainbeste izatea aurreikusten da”.
Non erabili? Herritarrek kanpainara atxikitu diren 53 saltokietan (zerrenda behean) erabili ahal izango dituzte sortak; bonuak bertan erabili daitezkeela azaltzen duen kartela bistara edukiko dute guztiek. Aurreko bi kanpainetan egin modura, bonu sorta bakoitza zazpi bonuz osatuta dago: kolore berdeko 10 euroko hiru bonurekin eta kolore moreko 5 euroko laurekin. Bakoitza 35 euroren truke eros daiteke, eta horien eros ahalmena 50 eurokoa da. Bonuak norberak nahi duen moduan erabili ahal izango dira; hau da, aldi berean edo banaka. Hori bai, erosketaren balioa bonuaren bera edo handiagoa izan beharko da beti.
Non erosi? Turismo Bulegoan daude eskuragarri sortak. Honako ordutegian erosi ahal izango dira: astelehenetik domera, 10:00etatik 14:00etara eta bariku eta zapatuetan, 16:00etatik 18:00etara ere. Bonuak erosi ahal izateko nahitaezkoa izango da Mutrikun erroldatuta egotea; gehienez ere bi erosi ahal izango ditu herritar bakoitzak. “Erosterako orduan nortasun agiria erakutsi beharko da, eta norbaiti bertaratzea ezinezkoa bazaio, lagun edo familiako kideren batek eros ditzake bere nortasun agiriaren kopia batekin”. Gaineratu dutenez, ordaintzerakoan pertsona batek gehienez ere lau bonu sorta erosi ahal izango ditu batera eta txartelaz ordaintzea lehenetsiko da. “Ezinezkoa den kasuetan bakarrik onartuko da dirua”.
Kanpainara atxikitutako saltokiak (53): Adats Ileapaindegia, Alazne Optika, Albaro denda , Alboka okindegi eta kafetegia, Aldana Burdindegia , Alday Klinika , Alkolea edaritegia, Ametza Taberna, Ansorregi Oinetakoak, Apain Estetika Zentroa, Aparra arropa denda, Apartak ileapaindegia, Arrizabalaga harategia, Azkenetxe Ristorante, Bar Txoko, Bare Bare Taberna , Beristain Estankoa, Beristain liburudenda, Bigara fruta denda, Buceo Euskadi , Dilaitz barne diseinua , Dotore ileapaindegia, Ekoamalur ekodenda, Garaia arropa denda, Gotzon arrandegia, Gotzone Ileak ileapaindegia, Goxart obradorea, Iparragirre altzariak, Iratxe lorak, Iratxe masajeak, Iripe etxetresnak, Islada fisioterapia , Itxasne Frutategia , Joseba Elezgarai masaje eta osteopatia , Josune Ileapaindegia, Kalbaixo Jatetxea, Lasuen Elezgarai botika, Lekube burdindegia, Lon Apraiz botika, Madariaga paperdenda, Maider Pinto estetika , Maneiro Lentzeria, Mila frutategia , Olaizola arropa denda, Ostadar fruta denda , Pikua jatetxea , Potero denda, Sabina denda, Txalaparta okindegi eta taberna, Txikixak arropa denda, Tximak ileapaindegia, Zelaieta jatetxea, Zuriñe estetika.
Kanpainari buruzko oinarriak eta parte hartze arauak irakurri nahi badituzu, EGIN KLIK HEMEN.