Zerbitzuaren hartzaileak Markina-Xemeingo 12-16 urte bitarteko nerabeak izango dira, eta hiru hezitzailegaz funtzionatuko du espazioak.
Gazteleku proiektua aurrera eramateko aurreikusitako diru-laguntza arautzen duen hitzarmena sinatu dute MAXE elkarteko ordezkariek eta Luis Egurrola alkateak. Joan den barikuan [urriak 1] sinatu zuten hitzarmena udaletxean.
Hitzarmen horren bidez, udalak 47.354,10 euroko diru laguntza emango dio MAXE elkarteari Sorginzulue Gazteleku proiekturako. Bi zatitan jasoko dute laguntza: 19.121,84 euro 2021eko udal aurrekontu orokorretik eta 28.232,26 euro 2022ko aurrekontutik. Laguntza hori Gaztelekua zabalik dagoen bitartean emandako zerbitzua ordaintzeko izango da.
Udalak azaldu duenez, diru-laguntza 2021/22 ikasturtera begira eman dute, hau da irailetik ekainera bitarteko Gazteleku zerbitzurako. Zerbitzuaren hartzaileak Markina-Xemeingo 12-16 urte bitarteko nerabeak izango dira, eta hezitzaileei dagokionez, hiru hezitzailegaz funtzionatuko du; asteburu bakoitzean bi egongo dira, eta txandakatu egingo dira euren artean. Ekintza berezietan, hala behar izanez gero, hirurak egongo dira bertan.
Ordutegiari dagokionez, bariku, zapatu eta domeketan zabalduko da Gaztelekua: Barikuetan 17:00etik 22:00etara, zapatuetan 16:00etatik 22:00etara, eta domeketan 16:00etatik 21:00etara. Era askotako ekintzak antolatuko dituzte gaztetxoen nahietatik begiratuta eta beraien beharrizanei erantzun asmoz: zinema, txapelketak, kirol jarduerak…