Pfizerrekin txertaturikoek beste dosi bat hartzea gomendatu du EMAk
Bigarren dosia hartu eta sei hilabetera hartu beharko litzateke. Immunodeprimituei, berriz, txertaketa amaitu eta 28 egunera eman beharko litzaieke indartzeko dosia.
Pfizer etxearen txertoa hartu duten herritar guztiei indartzeko dosia ematea komenigarria litzatekeela adierazi du Sendagaien Europako Agentziak. Ondorioztatu dutenez, 18 urtetik gorakoei hirugarren txertoa jar dakieke bigarren dosia eman eta sei hilabeteren buruan. Diotenez, antigorputz kopurua handitu egiten da 18 eta 55 urte artekoei hirugarren dosia sei bat hilabetera ematen zaienean.
Agentziak nabarmendu du estatuetako osasun agintariek erabakiko dutela ofizialki hirugarren dosia gomendatu ala ez, txertatze kanpaina zein aurreratuta dagoen eta dosiak badauden ikusi ostean.
Bestalde, immunodeprimituei txertaketa amaitu eta 28 egunera eman beharko litzaieke indartzeko dosia, Pfizerren eta Modernaren kasuan.
Eta Moderna? Agentzia aztertzen ari da Modernaren txertoa hartutakoek indartzeko dosi bat behar ote duten. Esan dutenez, oraindik ez dakite noiz aurkeztuko duten ondorioa.
Immunitate sistema ahulduta daukatenei dagokienez, agentziak adierazi du hirugarren dosiak «handitu egiten duela koronabirusaren aurkako antigorputzak sortzeko ahalmena organo transplante bat izan dutenengan». Edonola ere, agentziak aitortu du ez dagoela «froga zuzenik» esateko pertsona horietan antigorputz gehiago sortzeko ahalmena areagotzeak COVID-19 gaitzaren aurka babestuko dituenik. Halere, espero dute gaixoetako batzuk behintzat babestea.