Euskal komunikabideen eraldaketarako administrazioen inplikazioa eskatu du Hekimenek
Eraldaketa digitalerako, hiru elementu nagusi daudela aipatu zuten: sektorearen inplikazioa, administrazioaren laguntza eta jendearen aldekotasuna.
Eraldaketa sakonak eta azkarrak gertatzen ari dira komunikazioan. Hala ziurtatu zuen Igor Astibia Hekimen euskal hedabideen elkarteko koordinatzaileak. Garai berri horretara nola egokitu aztertzeko asmoz, Euskal komunikabideak berrikuntzaren bidean jardunaldiak egin zituzten joan den astean, eta horretan esan zuten berrikuntzarako gakoetako bat “administrazioen inplikazioa eta konplizitatea” dela.
Egungo egoeraren argazkia eginda, esan zuten digitalizazioak «bete-betean» eragin diola euskarazko komunikabideen munduari: negozio eredua «goitik behera» aldatu dela, publizitatea sare sozialetara pasatu dela…
Etorkizunera begira ere jarri ziren. Eraldaketa digitalerako, hiru elementu nagusi daudela aipatu zuten. Alde batetik, sektorearen inplikazioa behar dela nabarmendu zuten: «Hedabideok egin behar ditugu berrikuntza prozesu horiek». Beste aldetik, administrazioaren laguntza eskatu zuten: «Behar dugu erakunde publikoen sustapena edo inplikazioa, eta, hein batean, konplizitatea ere bai». Azaldu zutenez, Europan egon daitezke berrikuntzarako eta digitalizaziorako aukerak, eta, besteak beste, horiek identifikatzeko laguntza behar dute. Beste elementu «garrantzitsu» bat ere aipatu zuten: jendearen aldekotasuna. «Herri ekimeneko hedabideak izanda, gure indarguneetako bat hori da, eta lantzen eta garatzen segitu behar dugu».
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu zuen egungo egoerak «panorama zaila» planteatzen duela
Helburuak lortzeko landu beharreko zortzi ildo zehaztu zituzten. Azaldu zutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeekin ari dira datozen hiru urteetarako diru laguntzak adosten. Oraingo deialdiak «trantsiziozkoa» izan behar lukeela zehaztu zuten: «Gaur egiten dugunaz harago, beste euskarri batzuetan aritu, beste eduki mota bat egin… nahi badugu, ezin dugu egungo deialdiko zurruntasuna mantendu». Erakundeen «sustapena, inplikazioa eta konplizitatea» eskatu zituzten berriro: «Iruditzen zait funtsezkoa dela bertako administrazioen inplikazioa».
Inbertsioen garrantzia. Inbertsioak ere ezinbestekotzat zituzten. Edukiak egokitzeko beharko dituzte. «Alor teknologikoan sekulako aldaketak datoz. Eskatzen dituzte teknologia mailako inbertsio batzuk, eta baliabideak behar dira». Baita eduki horiek plataforma eta euskarri desberdinen bidez hedatzeko ere.
Zupiriak, hiru proposamen. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu zuen egungo egoerak «panorama zaila» planteatzen duela: «Irakurleak galtzen dituen sisteman gaude; kontsumo digitalak nagusitu dira; informazioa gero eta gehiago sakelakoen bidez jasotzen dugu —gainera, jaso egiten dugu; ez dugu guk bilatzen—; askok ez dute gaitasunik euskaraz irakurtzeko, alfabetatu gabe daudelako; eta gazte gehienek ihes egiten diote euskarri tradizionaletan sortzen eta hedatzen den edukiari».
Hiru proposamen ere egin zituen. Batetik, programa bat sortzea, Europako aukera eta laguntza berriak identifikatzeko eta aztertzeko. Azaldu zuenez, «aholkularitza pertsonalizatua» izan liteke. Bestetik, formakuntza, «eraldaketen aurrean zein aukera dauden eta teknologiaren erabileraren ikuspuntutik elkarrekin zer egin dezaketen asmatzeko». Azkenik, egitasmo pilotuak sustatzea planteatu zuen, «ikusteko nola sor daitekeen hedabideen sistema osoarentzat erreferentzia izan daitekeen proiekturen bat».