Kaxildo Alkorta Barrena itzultzaile eta idazlea zendu da
Jaiotzez getariarra bazen ere, urte askoan Portugaleten bizi izan da. Dena dela, herri askogaz eduki du lotura, tartean Aulestigaz; bere "herri kuttuna" zela zioen.
Jaiotzez getariarra bazen ere, herri askogaz lotura edukitakoa da Alkorta, tartean Aulestigaz. Hain zuzen, Aulesti bere “herri kuttunena” zela zioen. Urriaren 10ean zendu zen, 78 urte zituela.
Jesuita izandakoa, Filosofia ikasketak egin zituen Alkortak, eta soldadutzatik bueltan Portugaleten gelditu zen bizitzen; urte askoan bizi izan da han. 1969an, gainera, Portugaleteko ikastolaren alde hasi zen lanean, eskolak ematen.
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartean (EIZIE) zuzendaritzako kide izan zen 1988 eta 1993 urte bitartean. Horrez gain, itzulpen alorreko Euskadi Literatura Sarien epaimahaikide izan zen 1989 urtean.
25 urtez Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean (IVAP) itzultzaile lanetan aritu zen, eta erretiroa hartuta, Mendebalde Kultura Alkartean jarraitu zuen lanean, 2010etik lehendakari gisa. Gainera, prentsan eta Administrazioan euskaraz aldizkarian ere idazten zuen. 2012ko Bilboko Liburu Azokan bere elkartearen izenean Urrezko Luma saria jaso zuen, eta 2013an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Dena dela, 2001. urtetik Euskaltzaindiaren Euskalkien lantaldean lan egiten ziharduen.
Zazpi liburu idatzi zituen, tartean Giza zirriborroa (1972) eta Atzotik etzira (2008). Eta beste lau liburu ere itzuli zituen; 1977an Herman Melvillen Moby Dick itzuli zuen, Jose Mari Legorburugaz batera.