Lortu dituzte ikasgelak komunikatzaile dinamikoz hornitzeko eskatzeko behar zituzten sinadurak
Almike San Millan Mutrikuko bizilagunak abiarazitako kanpainak 24 orduan jaso du beharrezkoa zuen babesa. Helburua beteta, Eusko Legebiltzarreko politikariren batek Internet bidez egindako galderari erantzun beharko dio 'Osoigo' plataformaren webgunean.
Mutrikuko bizilagunak ikasgelak komunikatzaile dinamikoz hornitzeko eskatzeko sinadurak biltzeari ekin zion eguenean [urriak 7] Osoigo plataformaren bidez. Internet bidez egindako eskaera hauspotzeko, gutxienez, 500 sinadura behar ziren, eta gutxieneko kopuru hori gainditzeko 24 ordu nahikoa izan ziren. Gaur gaurkoz ia 600 herritarren bultzada jaso dute. “Esan digutenez asteak behar izaten dira 500 sinadurara ailegatzeko. Gu egun batean heldu gara kopuru horretara, eta pozik gaude. Kanpainan parte hartu eta honen guzti honen berri zabaltzen lagundu duten guztiei gure eskerrik beroena eman nahiko nieke”.
Helburua beteta, Eusko Legebiltzarreko politikariren batek kanpainaren sustatzaileak Internet bidez egindako galderari erantzun beharko dio Osoigo plataformaren webgunean. “Kanpaina 500 sinadurara ailegatzen den unean posta elektroniko bat bidaltzen diete legebiltzarkideei, eta horri erantzun bat eman behar diete. Ez dakigu galderari zein politikarik erantzungo dion, ezta erantzun hori noiz jasoko dugun ere, baina aste honen bukaerarako edo datorren astearen hasierarako erantzun bat jasotzea espero dugu. Zer erantzungo duten adi jarraituko dugu. Jasoko dugun erantzuna pisuzkoa edo fundamentuzkoa izatea espero dut, besterik ez”.
Gutxiengo sinadura kopurua azkar lortu bada ere, hori ez lortzeko beldur ere egon zela aitortu du. Helburua lortuta, lasai dagoela gaineratu du. “Kanpaina ze martxatan hasi zen ikusita, kopuru hori lortzea espero genuen. Baina posible zen trabatuta eta aurrera ezin eginda geratzea. Ezarritako kopurua gainditu zela ikusi genuenean, egia esan, lasaitu ederra hartu nuen. Horrek esan nahi du agintean dauden horien iritzia jasoko dugula”.
Balorazio positiboa egin du, eta “ilusioz beteta” dagoela esan du. “Osterantzean, agintariekin zaila izaten den elkarrizketako bide hori ahalbidetu dit kanpaina honek. Jaso dugun babes hori guztia poztekoa da; are gehiago, gaia jende askori garrantzitsua iruditzen zaiola ulertu nahi dut honekin guztiarekin. Jaso ditugun iruzkinetan hezitzaileak eta irakaskuntza munduko jendea daude, eta uste dut galderari erantzun behar dioten politikariek daukagun babes hori guztia baloratuko dutela”.