OMEk ofizialki definitu du gaixotasun gisa COVID-19 iraunkorra
Esan dutenez paziente gehienak erabat sendatzen dira, baina batzuek "luzerako ondorioak dituzte euren organismoan, birika, bihotz eta nerbio sistemetan, baita efektu psikologikoetan ere".
Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19 iraunkorraren lehen definizio kliniko ofiziala argitaratu du. Haren arabera, gaixotasun hori «normalean birusarekin kutsatu eta hiru hilabetera» agertu ohi da. «Sintomek gutxienez bi hilabete irauten dute, eta ezin dira azaldu diagnostiko alternatibo baten bidez», azaldu du Janet Diaz OMEko kudeaketa klinikoko buruak.
Birusarekin kutsatzen diren paziente gehienak erabat sendatzen dira, baina batzuek «luzerako ondorioak dituzte euren organismoan, birika, bihotz eta nerbio sistemetan, baita efektu psikologikoetan ere». Ondorio horiek infekzioaren hasierako larritasuna gorabehera gerta daitezke, eta maizago gertatzen dira emakumeengan, adin ertaineko pertsonengan eta hasieran sintoma gehien izan zituztenengan.
COVID-19 iraunkorra COVID-19 osteko gaixotasun moduan definitu du OMEk: «COVID-19 osteko eragina SARS-CoV-2 birusarekin kutsatutako gizabanakoetan gertatzen da, normalean COVID-19a agertu eta hiru hilabetera; sintomek gutxienez bi hilabete irauten dute, eta ezin azaldu ahal dira diagnostiko alternatibo baten bidez. Sintoma ohikoenak nekea, arnasa hartzeko zailtasuna eta disfuntzio kognitiboa dira, baina gaixoaren eguneroko funtzionamenduan eragina izan dezaketen beste sintoma batzuk ere gerta daitezke». Sintomak modu askotan ager daitezke: berriak izan daitezke, COVID-19 kasu akutu batetik osatu ondoren ager daitezke, edo gaixotasuna hasi zenetik iraun dezakete, OMEk zehaztu duenez.
Orain arte, osasun arloko profesionalen artean gaixotasunari buruz egon den argitasun eta irizpide komunik ezak zaildu egin du COVID-19 iraunkorraren ikerketan eta tratamenduan aurrera egin ahal izatea; hori dela eta, OMEk definizio estandarra ezartzea erabaki du. Definizio berria «aurrerapauso garrantzitsutzat» jo du Diezek, gaixotasuna dutenen aitortzan lagungarri izango delako, eta haien tratamendua erraztuko duelako.