Omenaldi berezia egin diete 36ko gerraren ondorioz Etxebarrian hildako zibilei
Etxebarrian 36ko gerran hildako pertsonak gogoan abiatu duten Memoria Lekuak ekimena aurkeztu zuen joan den barikuan [urriak 8] Ahaztuen Oroimena elkarteak. Haiei gertatutakoa gogora ekarri zuten. Ekitaldi interesgarri bezain hunkigarria izan zen.

Etxebarrian 1936ko gerraren ondorioz hildako herritarrei gertatutakoa ezagutzera eman zuen Ahaztuen Oroimena elkarteak joan den barikuan [urriak 8] Etxebarriko kultur aretoan. Memoria historiko kolektibo eta oso bat osatu nahian, urteak daramatza elkarteak 36ko gerraren inguruko testigantzak jaso, artxiboak kontsultatu eta informazioa batzen, eta oraingoan, 36ko gerran hil ziren zibilengan jarri dute arreta. Horiek gogora ekarri, omendu eta haiei gertatutakoa transmititu nahi izan dute Memoria Lekuak ekimenaren bidez.
Patxi Ibarzabal Ahaztuen Oroimena elkarteko kideak jakitera eman zuenez, Etxebarriko umeak, gazteak eta Bilbora ezkondutako emakume bat ere hil ziren gerra horren ondorioz. “Batzuen gertaerak ezagunagoak dira Etxebarrian, epaiketarik barik fusilatu zuten Jose Peña abadearena, esate baterako. Harrapatu, espetxean sartu eta hil egin zuten. Baina badaude, testigantzen bidez jakin dituzten gertaerak ere, Aulestiarteko mutikoarena edo bere familia gatazkatik ihes egiten ari zenean Errotabarrin hil zen haurrarena besteak beste”. Horiek guztiak aintzat hartu eta gogoan edukitzeko garaia dela azpimarratu zuen Ibarzabalek. “Horiei guztiei ere izen abizenak eta lekua jartzeko momentua dela pentsatzen dugu. 36ko gerraren atzean edo horren inguruan ere istorio ugari daude gogora ekarri beharrekoak”.
Asmo horregaz, pertsona horiei gertatutakoa jaso dute liburu batean. Hamar pertsona dira guztira, eta haien izen abizenak, non jaio zen eta non hil zen, eta gertatu zitzaiena azaltzen dute liburuan. Aurkezpenean egon ziren guztiek jaso zuten ale bana, eta herrian ere egingo dute banaketa etxez etxe. Horrez gain, Interneten ere badago informazioa eta liburuan gehitu dituzten QR kodeen bidez zuzendu daiteke bertara.
Patxi Ibarzabal: “Guretzat ez dira hildakoak, bizipenak dituzten pertsonak dira, euren proiektu, asmo, familia eta etorkizunagaz”.
Liburuagaz gain, hamar pertsona horietatik lauk herriguneagaz lotura zuzena daukatela-eta –gune horietan hil edo jaio ziren–, horien informazioa jasotzen duten lau panel informatibo jarri dituzte herrigunean. Peñaneko etxeetan jaio zen eta faxistek hil zuten Jose Ignazio Peñagarikanori gertatutakoa, Beidera obusa sartu eta sua itzaltzera joan zen auzoko Juan Jose Idoeta Solozabali gertatutakoa, Txoribentako zubiaren hasieran hil zen Benito Agapito Bereziartua Egiar umearen heriotza eta postari lanak egiten ari zela Olaia aurrean tiroz jo eta hil zuten Miguel Ibarzabal Arrietari gertatutakoa oroitzen dute panel horietan. Horrela, Peñanekua plazan, Amotokua baserriko bidegurutzean, Txoribentako zubian eta garai hartan Barinagako bidegurutzea zen Olaia aurrean jarri dituzte gertatutakoa oroitzeko.
Pertsonak. Ibarzabalek azpimarratu zuen eurentzat guzti horiek ez direla hildakoak, pertsonak baizik. “Bizipenak dituzten pertsonak dira, euren proiektu, asmo, familia eta etorkizunagaz. Kolpe militar bat egiten ahalegindu ziren, faxisten altzamendua egon zen, demokraziaren kontra egitera etorri ziren batzuk eta horrek ondorio batzuk ekarri zituen”. Pertsona lehenetsi nahi dute, pertsonei garrantzia eman. Hori dela eta, barikuko ekitaldian omenaldi berezia egin zieten 36ko gerrak eraman zituen haiei. Horretarako haien senideak banan-banan deitu zituzten eta krabelin gorri bat oparitu zieten.
Emozioz beteriko kontakizunak gogora ekartzen dituzte bideoan senideek eta lekukoek
Bideoa. Heriotza haiek familia horiengan eta ingurukoengan eduki zuten eragina argi geratu zen ondoren eman zuten bideoan. Emozioz beteriko kontakizunak gogora ekartzen dituzte senideek eta lekukoek Ahaztuen Oroimena elkarteak egindako bideoan, eta aretoan bildutakoek sentimendu handiz entzun zituzten haien hitzak. Une hunkigarria izan zen, eta txalo zaparradagaz erantzun zuten Etxebarriko aretoa bete zuten guztiek. Hona hemen ekitaldian aurkeztu zuten bideoa:
Ez da erraza norbere bizipenak kamara aurrean kontatzea, baina ahalegin hori egin dute senide eta lekukoek gertatutakoa gogora ekarri beharra dagoela ikusten dutelako, eta senideen akordua egiteko aukera hori ere baloratu zuten. Ibarzabalek eskerrak eman zizkien senideei ekitaldira joatearren eta gertaerak kontatzearren: “eurek barik guzti hau ezingo litzateke egin”.
Lanean. Lana ez da oraindik amaitu; asko dago egiteko eta jakiteko, eta Ahaztuen Oroimena elkartekoek horretan jarraituko dutela berretsi zuten. “Gauza asko daude oraindino kontatzeko. Ekimen hau ere zabalik dago. Pertsona gehiago agertzen badira, gehitzen joango gara. Liburuan gaineratu ditugun bi edo hiru ere, ekin eta ekin agertu dira, ez geneukan euren berri, oso ixilean zeuden”.
Beste alde batetik, apurka-apurka soldadu egon ziren herritarren informazioa ere jasotzen ari direla aurreratu zuen Ibarzabalek. “Gauza asko daude kontatzeko eta ikertzeko”.










