Berdintasun Plana diseinatzeko beste saio bat egingo dute Aulestin
Parte hartze saioa barikuan [urriak 15] egingo da, 18:00etan, udaletxean. Besteak beste, Planaren zirriborroa ezagutu eta osatuko dutela esan dute.
Apirilean hasi ziren Aulestin Berdintasun Plana diseinatzeko saioekin. Orain, baina, planaren zirriborroa ezagutu eta hori osatzeko saioa egingo dute barikuan [urriak 15], 18:00etan, udaletxean; kontraste saioa izango dela esan dute, eta orain arte modura, herriko eragile ezberdinekin eta oro har, herritarren parte hartzeagaz egingo da.
Apirilean hasita. 2016. urtera arte Lea Ibarrako Mankomunitatearen Bedintasun Plana eduki dute gida orri modura Aulestin. Plan hori, baina, 2016. urtera artekoa zen, eta orduz geroztik Berdintasunerako Planik gabe egon dira, nahiz eta alor horretan lanean jarraitu duten. Horren harira, Aulestiko Udalak Berdintasunerako I. Plana diseinatzeko prozesua martxan jarri zuen apirilean, “berdintasunaren aldeko lana bertatik bertara” egin asmoz.
Azaldu zuten prozesua herriaren errealitatea oinarri bezala hartuta eta udalak dituen baliabideak aintza hartuta abiatuko zutela, “datozen urteetarako urratsak modu ordenatuan antolatzeko”. Bide horretan, orain arte egindako lana aztertu eta egun herriaren beharrak zeintzuk diren aztertzeko prozesuan murgilduta egon dira. “Azken urteetako lana ebaluatzeaz eta herrian dauden erronkak berdintasunaren ikuspegitik zeintzuk diren identifikatzeaz gain, prozesu horren emaitza hurrengo lau urteetarako gidalerro izango dugun Plana diseinatzea izango da”.
Udal ordezkariek esan zuten prozesua parte hartzailea izatea nahi zutela, “udal barruko zein kanpoko eragileekin elkartu eta Plana udalerriaren errealitatera ahalik eta gehien egokitzeko”. Aurreratu zuten, hori lortze aldera, elkarrizketak, lan saio irekiak eta beste hainbat ekimen egingo dituztela, “ahalik eta ikuspegi gehien jaso ahal izateko”. Hain zuzen, barikuan [urriak 15] egingo duten saioak hasierako asmo horiei jarraitzen die. Prozesua garatzeko Elhuyarren aholkularitza tekniko eta metodologikoa dutel bidelagun.