Lekeitioko alderdi politikoei buruzko erakusketa antolatuko du Aittitta Txikik
Erakusketa antolatzeko argazkiak batzen hasi da elkartea, eta herritarren laguntza eskatu dute. Argazkiak posta elektronikoz bidaltzeko eskaria egin dute.
Aurten, berriro, argazki zaharren erakusketa antolatuko du Lekeitioko Aittitta Txiki kultur elkarteak. Azaroaren 28tik abenduaren 8ra egingo dute erakusketa, eta horretarako, argazki zaharrak biltzen ari dira.
Urtero, gai baten inguruan antolatzen dute erakusketa, eta aurtengoa Lekeitioko alderdi politikoak izango da. Horrela, gai horregaz zerikusia daukaten argazki zaharrak uzteko eskaera egin diete herritarrei. Hain zuzen ere, herritarrek utzitako argazki horiek izango dira erakusketan ikusgai ipiniko dituztenak. “Herrian dauden edo egon diren alderdi politikoek antolatutako ekitaldiak edo gertakari desberdinen argazkiak batu nahi ditugu: mitinak, ospakizunak, egun bereziak, manifestazio edo protesta garrantzitsuak, alderdi politikoen lokalen inaugurazioak…”, azaldu dute elkartekoek.
Argazkiak posta elektronikoz bidali behar dira Aittitta Txiki elkartearen helbidera. Horrez gain, kultur etxean ere utzi ahal direla jakitera eman dute. Betiko modura, argazkiak eskaneatu eta segituan itzuliko dizkiote jabeari. Aittitta Txikik antolatutako ekimenak arrakasta handia eduki ohi du, eta aurten ere horrela izateko herritarren laguntza ezinbesteko dutela azpimarratu dute. Hori dela eta, argazkiak uztera animatu dituzte herritarrak.
Urriaren azkenera arte egongo da argazkiak bidali edo kultur etxean uzteko aukera.