Ermitarik Ermita martxako ibilbide laburra egingo dute Aulestin
Ermitarik Ermita martxa ez dutenez egingo, Urzabal Guraso Elkarteak erabaki du ekintza horretako ibilbide laburra egitea. Domekan [urriak 17] 10:30ean irtengo dira parketik.
Aulestiko Ermitarik Ermita martxaren antolatzaileek ibilaldia ez egitea erabaki dute, eta hori egingo ez denez, Urzabal Guraso Elkarteko kideek mendi irteera antolatzea erabaki dute. Hain zuzen, Ermitarik Ermita mendi martxaren ibilbide laburra egingo dute domekan [urriak 17]. Aipatu martxan 25 km-ko eta 10 km-ko ibilaldiak egiten zituzten. Barikua [urriak 15] da izena emateko azken eguna; Internet bidez izena eman behar da.
Parte hartzaileak domekan [urriak 17] 10:30ean aterako dira parketik, eta hamar bat kilometroko ibilbidea egingo dute; San Pauloko eta Santixako ermitetara joango dira. “Normalean 11 ermita izaten dira, eta guk bi pasatuko ditugu”, azaldu dute guraso elkarteko kideek.
Ibilbidearen bukaeran, eguraldiak lagunduz gero, parkean elkartuko dira, eta bestela frontoian. Jan-edanaz gain, musikagaz girotu eta borobilduko dute mendi irteera. “Otartekoak eta edariak saltzen egongo dira parkean, agortu arte”.