Pandemian zehaztutako aforo muga desagertuko da Lekeitioko udal eraikinetan, gaurtik [urriak 13] aurrera.
Osasun larrialdia bertan behera geratu ostean, udal eraikinek pandemia aurreko neurri batzuk berreskuratuko dituztela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. Horrela, pandemian zehaztutako aforo muga desagertu egingo da gaurtik [urriak 13] aurrera.
Argitu dutenez, kiroldegiak ohiko ordutegia edukiko du berriro, eta bere zerbitzuak betiko guneetara bueltatuko dira: “ikastaroak eta gimnasioko makinak aurretik zeuden geletara lekuz aldatuko dira”. Ostera, erreserba zerbitzua mantenduko dute igerilekuan. Kultur etxeak, liburutegiak, ikasgela eta aretoek betiko aforoa berreskuratuko dute, baita Nautika eta jubilatuen egoitzan ere.
“Neurri hauekin normaltasun egoera bueltatzeko pausoak emango dira, baina, hala ere, ezin dugu ahaztu pandemia egoera ez dela guztiz desagertu“, gogoratu dute, eta eraikinen barrualdean maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela azpimarratu dute.