Arbe eta Erkiaga, nor baino nor gehiago Hondarribiako finalean
Bihar [urriak 15] jokatuko dute Hondarribiako Grand Slamaren finala. Aurreko koadroetan Jokin Arbe markina-xemeindarraren eta Aritz Erkiaga ispastertarraren arteko lehiaz gozatuko dute Jostaldin bildutako zaleek.
Denboraldiko azken Grand Slama bihar [urriak 15] erabakiko da. Arbe-Lopez eta Erkiaga-Etxeto bikoteek jokatuko dute Hondarribiako Grand Slamaren finala. Jaialdia 20:00etan hasiko da.
Irailaren 17an hasi zuten txapelketa, eta finaleko bi bikoteek galdu egin zuten ligaxkaren lehenengo partiduan. Jokin Arbe markina-xemeindarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak bikote faboritoetako bat mendean hartu zuten finalerdian. IƱaki Goikoetxea zumaiarra eta Aimar Aldazabal berriatuarra ligaxkaren bi partidu irabazita sailkatu ziren finalaurrekora, baina, Lopezek eta Arbek maila oso altuan jokatuta, 9-15 eta 5-15 irabazi zieten. Arbek eta Lopezek partidu bikaina egin zuten, partidua erabat menderatu zuten, ia hutsik egin barik, tanto izugarriak eskaini zizkieten ikusleei.
Aurreko asteko beste finalerdian, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Nikolas Etxeto bidartarrak 15-13 eta 15-13 irabazi zieten Diego Beaskoetxea gernikarrari eta Jon Zabala markina-xemeindarrari. Finalerako txartela lortzeko sufritu zuten, bi setetan 12-13 atzetik joan, eta markagailua iraulita nagusitu ziren.
Lea-Artibaiko bi aurrelari. Erkiagak bere maisutasuna berretsi du denboraldi honetan. Dena irabazi du, eta Hondarribiako Grand Slama poltsikoratuz gero, aurtengo bosgarrena litzateke beretzat. Bihar aurkari izango duen Lopezegaz irabazi ditu uda honetan Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohitzuneko torneoa eta Paueko Grand Slama, eta Gernikako Grand Slamean Unai Lekerika gernikarragaz lortu zuen garaipena. Erkiaga partidutik kanpo uztea, jokoan ahalik eta gutxien sartzen uztea izango da biharko aurkarien estrategia. Indarra eta teknika da ispastertarra. Etxeto atzelari segurua da; dotorezia eta bermea. Egun ona edukiz gero, denera heltzen denetarikoa da. Bikote indartsua eta orekatua osatu dute.
Hondarribian Arbe izan da ezustekoa eman duena. Egungo bakarkako txapeldunak bere talentua agerian utzi du, eta beste behin erakustaldiak utzi ditu. Uda borobila egin du berak ere; Markina-Xemeingo aurrelariak Hossegorreko, Mutrikuko, Markina-Xemeingo eta Lekeitioko Torneoak irabazi ditu. Eskualdeko bi garaipen horiek Lopezegaz lortu ditu, eta Mutrikun eta Hossegorren Aimar Aldazabalegaz bikotea osatuta nagusitu zen. Arbek eta Lopezek primeran bat egin dutela ikusi da, eta zumaiar atzelaria seguru ari da.
Sarrerak. Jostaldi frontoira hurreratu ezin dutenek Euskal Telebistan ikusteko aukera edukiko dute, 22:00etatik aurrera. 600 zaleko edukiera edukiko dute bihar, eta sarrerak aurretiaz eskuratu daitezke, 608 51 57 93 telefono zenbakira WhatsApp bidez mezua bidalita. Bihar txarteldegian ere egongo dira salgai.
Finalaren atariko partiduan, Goitia-del Rio eta Basterra-Zabala bikoteek edukiko dute frontoia girotzearen ardura. Zabala markina-xemeindarrak eta del Rio gasteiztarrak Hondarribiako txapelketa handia lehiatu dute; pilotari moduan hazi egin dira bi atzelariak, eta profesionaletan euren lekua eginda, txapelketaz txapelketa maila polita erakusten ari dira. Halako torneoak lehiatzetik gertu dauden bi aurrelari gazterekin ariko dira bihar.