Markina-Xemeindik ibili zen Otto Skorzeny naziari buruzko dokumentala ikusgai Plazabarripeko aretoan

Pedro de Etxabe dokumentalaren zuzendariak parte hartuko du zapatuan [urriak 16] Ahaztuen Oroimena elkartearen eskutik egingo den ekitaldian. Jose Mari Agirre Salaberria Mauthausengo nazien kontzentrazio esparrutik bizirik ateratzea lortu zuen etxebarritarra ere lagun min izan zuen De Etxabek.

II. Mundu Gerrako pertsonaiarik enigmatikoetakoa izan zen Otto Skorzeny SSetako teniente koronelaren Espainiako bizitza eta jarduerak kontatzen dituen dokumentala emango dute zapatuan [urriak 16] 18:30ean, Markina-Xemeingo Plazabarripeko kultur aretoan: El hombre mas peligroso de Europa. Otto Skorzeny en España. Skorzeny (Viena, 1908-Madril, 1975) erregimen frankistaren itzalpean enpresari aberats bihurtutako iheslari nazia eta CIA edo Mossaden zerbitzura espioia izan zen besteak beste, eta jakina da, sasoi bateko markina-xemeindarrek hala egiaztatuta, Adolf Hitlerren ekintza gizon gogokoena Markina-Xemeinen egoten zela, Esperantza enpresan lanean, langile berezi modura. Antza denez, nazioarteko negozio harremanetan laguntzen zien.

Zapatuan emango duten dokumentala Pedro de Etxabe Garcia eta Pablo Azorin Williams zuzendariek Skorzeny buruz egindako ikerketa lan handiaren emaitza da, eta batez ere Francoren Espainian babestu zenean egin zituen jarduerei buruz ari da. Egileak Viena (Austria), Jerusalem, Tel-Aviv (Israelgo Estatua ), Waxhaw (AEB), Madril (Espainia), Bartzelona eta Mallorcan (Herrialde Katalanak) zehar ibili ziren historialari, ikertzaile, kazetari eta Skorzeny pertsonalki ezagutu zuten pertsonak elkarrizketatuz. Otto Skorzenyren artxibo pribatua aztertzeko aukera ere eduki dute dokumentala osatzeko. 2011 urtean, historialari estatubatuar batek, Ralph P. Ganis militar ohiak, koronelaren artxibo pertsonala erosi zuen eta zati bat ikertu du. Artxibo hori 2000 dokumentuk, 8 mm-tan filmatutako argazki, agenda eta familia pelikulek osatzen dute.

Ahaztuen Oroimena elkartearen bidez antolatu den ekitaldian, dokumentala ikusteko aukera izateaz gainera, De Etxabe dokumentalaren zuzendariagaz solasaldian jarduteko aukera ere egongo da. Etxabe bertotik dabilela aprobetxatuta antolatu dute emanaldia. Izan ere, zuzendariak, mallorcarra izan arren, badu eskualdeagaz lotura, lagun mina izan zuen-eta Mallorcan bizi izan zen Jose Mari Agirre Salaberria (Etxebarria, 1919-Palma, 2009) Mauthausengo nazien kontzentrazio esparrutik bizirik ateratzea lortu zuen etxebarritarra. Mallorcan bizi arren, Salaberriak sorlekua eta Etxebarriko Egixarre baserria ez zituen sekula ahaztu.

Leku berean. Bitxia da biak, Skorzeny nazia eta Mauthausen nazien kontzentrazio esparrutik bizirik irten zen Agirre, Mallorcan bizi izana. Madril eta Mallorca artean bizi zen Skorzeny Alemaniatik ihes egin zuenean; Agirre, berriz, 1950eko hamarkadan joan zen Mallorcara bizitzera, eta bertan hotel bat zuzendu zuen. Agirre Mallorcako telebistak emandako Memoria y olvido de una guerra dokumentalean elkarrizketatu zuten, eta haren testigantza agertu zen. De Etxabe izan zen dokumental horren zuzendaria ere, Luis Ortas eta Albert Herranzekin batera.
 
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, zapatuko ekitaldia “aukera ezin hobea da Franco garaian gure artean lasai asko bizi izan ziren naziak zelako birigarroak ziren ikusteko”.