Lekeitioko Usotegi parkean apurketa gehiago egin dituztela salatu dute
Lekitto Bedarrak salatu duenez, ortuko hesia bi lekutatik apurtu dute, eta harrizko zutabe bat ere guztiz birrindu dute. Udalari gertatutakoaren berri eman diotela esan dute.
Beste behin ere Lekeitioko Usotegi parkean apurketak eragin dituztela salatu du Lekitto Bedarra herriko ortularien elkarteak. “Usotegin egiten ari direna gelditu beharra daukagu, eta talde modura udalari pasatu diogu gertakizunen informazioa”, esan dute Lekitto Bedarrekoek. Diotenez, kalte horiek konpontzeak aparteko lanak egitea eta dirua suposatzen dizkiete.
Azaldu dutenez, oraingo honetan ortuko hesia eta parkean zegoen XIX. mendeko harrizko zutabea apurtu dituzte; harrizko zutabea “birrindu” egin dutela esan dute. “Ortuko hesia bi lekutan apurtu dute. Horrez gain, parkeko sarreran zabor piloa aurkitu dugu”. Taldeko kideek diote apurketa horiek eragiten dituztenekin hitz egiteko prest daudela, baina nekatzen hasita daudela. “Astero-astero aurkitzen dugun egoeragaz nekatzen hasita gaude: zikinkeria, apurketak, landatutakoa zapuztuta eta zapalduta….”.
Dena dela, gaineratu dute herrian behar gehien dutenei laguntzeko ekoizten dutena herriko Elikagaien Bankuari eta Dominika mojei ematen jarraituko dutela.
Denboran gehiegi atzera egin barik, irailaren erdialdean beste apurketak batzuk salatu zituzten. Kalteak eragiten dituztenei zuzendutako kartelak ere ipini dituzte parkean.