Plastikozko hondakinak batzen hasiko dira Mutrikuko garbigunean
Debabarrenako Mankomunitateko ordezkariek diotenez, zerbitzu berriagaz lehen birziklatzen ez ziren 1.000 kilo plastiko biriziklatu ahalko dira.
Fruta dendetan, arrandegietan eta beste hainbat establezimendutan erabiltzen dituzten plastikozko kaxak, hodiak, bidoiak, edukiontziak, lorontziak… Horiek guztiak batzen hasiko dira bihartik aurrera [urriak 16] Mutrikuko garbigunean. Debabarrenako Mankomunitateko ordezkariek diotenez, zerbitzu berriagaz lehen birziklatzen ez ziren 1.000 kilo plastiko birziklatu ahalko dira. Dena dela, argitu dute ezingo direla utzi zuntzak, burdinak dituzten plastikoak, olanak, sareak eta abar.
Orain arte, plastikozko material horiek errefusa bezala tratatzen ziren Zubietako instalazioan; tona bakoitzeko 180 euroko kostua suposatzen zuela gaineratu dute. Orain, baina, zerbitzu hori garbiguneetan emango dutela eta, Aizarnazabalgo enpresa batera eraman eta plastikozko produktu berriak egiteko lehengai gisa erabiliko direla argitu dute. “Hondakin horiek Aizarnazabalgo lantegira garraiatzeak eta tratatzeak 70 euro inguru balio ditu. Beraz, plastiko horiek birziklatzeak 110 euroko aurrezpena suposatuko dute”. Gaineratu dute zerbitzu berria martxan jartzea hondakinen bereizketan “urrats bat gehiago” ematea dela.
Horrez gain, aurrerantzean eraikuntza eta eraispen hondakinak ere garbiguneetan bereiztuko dituztela esan dute; harrizko hondakinak eta harrizkoak ez direnak bereiztuko dituzte. “Harrizkoak direnen artean adreiluak, hormigoia, baldosak, harriak eta zeramika daude. Bestalde, ez harrizkoen artean sabai faltsuak, igeltsuak eta beira daude”.