Jokin Arbe markina-xemeindarrak bere lehen Grand Slama irabazi du
Arbek Imanol Lopez atzelari zumaiarragaz irabazi du Hondarribiako Grand Slama. Berdinketa hausteko seta jokatu dute, eta 5-3 nagusitu zaizkie Aritz Erkiaga ispastertarrari eta Nicolas Etxeko bidartarrari.
Jokin Arbe aurrelari markina-xemeindarrak Hossegorreko, Mutrikuko, Markina-Xemeingo eta Lekeitioko Torneoak irabazi ditu uda honetan, eta orain, bere lehenengo txapelketa handia poltsikoratu du. Egungo bakarkako txapelduna da, eta bere palmaresean Hondarribiako Grand Slama sartu du. Imanol Lopez zumaiarragaz eskuratu du garaipen preziatu bezain berezia.
Arbe-Lopez eta Erkiaga-Etxeto bikoteek bariku gauean [urriak 15] lehiatu zuten Jostaldiko finala. Lehen seta 15-7 amaitu zen gorrien aldea (Arbe eta Lopez). Bigarren setean 6-15 nagusitu ziren Aritz Erkiaga ispastertarra eta eta Nicolas Etxeko bidartarra. Eta berdinketa hausteko seta, 5-3 amaitu zuten.
Final gorabeheratsua izan zen, tanto ikusgarriren bat edo beste egin zuten, eta zaleek gozatzeko ikuskizuna eskaini zuten lau pilotariek. 500 ikusletik gora batu ziren frontoian.
Erkiaga eta Etxeto ez ziren partiduan ondo sartu, eta Arbek eta Lopezek lehen seta irabazteko aprobetxatu zuten. Aurkariek egindako huts egiteek bidea erraztu zieten lehen jokoan nagusitzeko; euren jokorik onena erakutsi beharrik gabe lortu zuten 15-7koa. Bigarren setean bestelako jokoa ikusi zen; Erkiagak eta Etxetok kontrolpean eduki zuten. Ispasterko aurrelariak distira egin zuen, era guztietako erremateekin, eta Etxeto ere zuzendu egin zen. Hirugarren setean, berriz, emozio gehiago egon zen. Izan ere, Arbe eta Lopez 3-0 aurreratu ziren, baina Erkiagak eta Etxetok markagailuan hurbiltzea lortu zuten. 4-3koagaz garaipena garesti zegoen, baina Erkiagak eta Etxetok ezin izan zuten markagailua irauli. Atzelarien artean aldea markatzen du Lopezek, eta bere segurtasuna giltzarria izan zen, beste behin. Arbek bere aldetik ondo eutsi zion, eta berea izan zen finaleko azken tantoa.
Denboraldi honetako azkenengo Grand Slama izan da Hondarribiakoa, eta Erkiaga eta Lopez izan dira txapelketa handi horietako izen handiak. Biek ala biek lau irabazi dituzte, eta horietatik hiru alkarregaz.