Lea Ibarreko egutegi lehiaketa, abian
Argazkiak, marrazkiak edo ordenagailuz egindako konposaketak bidali daitezke lehiaketara. Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 4a da.
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak 2022ko egutegia osatzeko lehiaketa abiarazi du. Gaia Lea Ibarra da, eta lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 4a da; mankomunazgoa@gmail.com helbidera bidali behar dira.
Nola aurkeztu? Lanak horizontalak izan behar dute eta posta elektronikoz bidali behar dira, izenburu bat ipinita. Posta elektroniko berean egilearen izen eta abizenak zehaztu beharko dira. JPG formatuan aurkeztu behar dira, eta gutxienez 10 mpx-eko tamaina eduki behar dute.
Argazkiak aurkezten badira, irudiak Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa osatzen duten herrietan ateratakoak izan behar dute. “Jendea agertzen bada baimenak beharko dira”. Pertsona bakoitzak gehienez ere 4 lan aurkeztu ahal ditu.
Sariak. Epaimahaiaren saria 250 euro izango dira, eta ikusleen saria beste horrenbeste. Azaroaren 5etik 10era egongo da bozkatzeko aukera (botoa emateko lotura aurrerago zehaztuko dute). Finalista geratzen diren hamabi lanak argitaratuko dira, izenburuagaz eta egilearen izen-abizenekin.