Dantza garaikideak leku berezia izango du Markina-Xemeinen
Dagaz-en eskutik, dantza garaikideko tailerrak antolatuko dituzte hilero Markina-Xemeinen. Zapatuan [urriak 23] emango dute lehenengo tailerra. Parte hartzeko aukera zabalik dago.
Dantzaz konpainiak iaz abiarazitako Dagaz Dantza Garaikideko Zaleen Sarera atxikitu da aurten Markina-Xemein. Ekimenaren helburua dantza garaikidearen inguruan dagoen zaletasuna piztu eta kudeatzaileak, sortzaileak, espazioak, programak eta dantza garaikidearen zaleak elkartuko dituen sare bat sortzea da. Bide horretan, dantza garaikideari lotutako tailer eta saioak antolatuko dituzte hilero, eta interesa duten pertsonek dantzaz eta mugimenduaz gozatu ahal izango dute lehen mailako dantzarien gidaritzapean.
Hiru tailer eskainiko dituzte abendura bitartean Uhagon kulturgunean: lehenengoa zapatu honetan [urriak 23] izango da, bigarrena, azaroaren 20an eta hirugarrena, abenduaren 11n. Tailer horietan parte hartzeko ez da dantza ezagupenik behar. Izan ere, dantza garaikidean hasi nahi duten gazte eta nagusiei zuzenduta daude saioak. “Saio horien helburua dantza garaikideari eta haren sorkuntza prozesuei buruzko ezagutza ematea da, eta, aldi berean, tokiko artisten proposamenak hurbiltzea”, azaldu dute antolatzaileek.
Zapatuko tailerra Marina Eskisabel dantzari eta koreografoak emango du. Ordu eta erdiko tailerra izango da, 11:00etatik 12:30era, eta Eskisabelek inprobisazioaren hastapen bat proposatuko duela aurreratu dute.
Tailerrak doan dira, eta parte hartu nahi dutenek Uhagon kulturgunean eman behar dute izena 94-616 63 03 telefono zenbakira deituta. Nahi den tailerrean parte hartu daiteke; saio bakoitzerako eman behar da izena.
Horrez gain, tailerrak Markina-Xemeinen antolatuko dituzten dantza garaikideko ikuskizunekin lotuta ere egongo direla jakitera eman dute. Ikuskizunetako dantzari edo artistek parte hartuko dute tailerretan. Uhagonen martxan dauden dantza ikastaroetan ere eskola bereziren bat prestatzeko asmoa ere badaukate.