Txertoa hartu ahal izateko aurretiko hitzordua hartu behar da. Arrisku taldeetakoak ez diren herritarrek azaroaren 15etik aurrera egin ahalko dute eskaera.
Gripearen aurkako txertaketa kanpainagaz bat eginez, txertoak ematen hasiko dira Markina-Xemeinen datorren astean. Hain zuzen ere, urriaren 26an eta 27an eta azaroaren 2an eta 3an emango da txertoa, 12:00etatik 14:00etara, Uni frontoian. Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, beharrezko azpiegitura guztia jarriko dute txertaketak modu seguruan egin ahal izateko.
Txertaketa kanpaina 65 urtetik gorakoei eta arrisku taldeetako pertsonei (gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak, profesional sanitarioak) zuzenduta dago. Arrisku taldeetakoak ez diren herritarrek, berriz, azaroaren 15etik aurrera egin dezakete txertoa jartzeko eskaera.
Txertoa hartu ahal izateko aurretiko hitzordua hartu behar da Osakidetzaren webgunearen bitartez edo Osasun Etxera deituta. Aurten, gainera, Osakidetzak, gripearen txertoarekin batera, Covid-19aren aurkako txertoaren 3. dosia hartzeko aukera eskainiko du. Baldintza bi bete beharko dira horretarako: 70 urte edo gehiago izatea eta Covid-19aren aurkako txertoa orain dela 6 hilabete baino gehiago jaso izana.