Azaroaren 3ra arte egin ahalko dituzte herritarrek euren ekarpenak. Azaroaren 25ean aurrekontuak azaltzeko batzarra antolatu du udalak.
Lekeitioko Udala 2022rako aurrekontuak prestatzen ari da eta, aurten ere, herritarren iritziak eta proposamenak jasotzeko prozesua zabaldu du. Horrela, Lekeition erroldatuta dauden adin nagusiko guztiek euren ekarpena egiteko aukera edukiko dute azaroaren 3ra arte.
Iritziak eman edota proposamenak egiteko orri bat banatu du udalak etxerik etxe. Orri hori udal eraikinetan aurkeztuta edo posta elektronikoz Lekeitioko Udalera idatzita bideratu daitezke proposamenak.
Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, azaroaren 18rako erantzungo diete herritarrek egindako proposamenei. Horrez gain, azaroaren 25ean herritarrei zuzendutako batzar zabala egingo da 19:00etan kultur etxean 2022ko aurrekontuak azaltzeko, eta abenduaren 2an aurrekontuak onartzeko osoko bilkura egingo dute.