Debabarrenako Mankomunitateak esan du eguenean [urriak 21] hasiko direla lanekin. Guztira 11 lurpeko edukiontzi kenduko dituzte Mutrikun.
Eguenean [urriak 21] hasi eta azaroaren 2ra bitartean ariko dira Mutrikuko lurpeko edukiontziak kentzen. Lehendabizi Portuko jaitsierako eta Txurruka Tenienteak 9ko edukiontziak kenduko dituzte. Ondoren, Altzibar 6koak kenduko dituzte. “Azken horiek kentzeko aparkalekuko zati bat kenduko dugu”.
Almirante Gaztañeta kaleko 8. zenbakiko edukiontziak kenduko dituzte gero. “Kale horretan ere aparkalekuko zati bat lanak egiteko erabiliko dugu”. Azkenik, San Nikolas ermitaren pareko lurpeko edukiontziak kenduko dituzte. Guztira Mutrikun 11 lurpeko edukiontzi kenduko dituzte. Edukontzi horiek guztiak lurrazaleko edukiontziengatik ordezkatuko dituzte.
Edukiontzi berrian kokapena. Dena dela, esan dute lurrazaleko edukiontziak “gutxien eragozten duten lekuan” ipiniko dituztela. Hau da, ez dute esan lurrazpikoak zeuden leku berean ipiniko dituztenik. “Mankomunitateko langileek hondakinak azkar jaso ahal duten lekuan kokatuko dira. Modu horretara, hondakinak batzean sortzen den zarata gutxituko da eta langileen segurtasuna eta erosotasuna bermatuko dira”.
Mankomunitatea irailaren 13an hasi zen eskualdean zeuden lurpeko edukiontziak kentzeko lanekin. “Mallabian, Ermuan, Eibarren eta Elgoibarren lan horiek egin ditugu, eta orain Mutrikuren txanda heldu da. Momentuz 41 lurpeko edukontzi kendu ditugu, eta Mutrikukoak kentzen ditugunean 52 lurpeko edukontzi kenduta egongo dira”.
Erabakia. Mankomunitateak 2020ko abenduaren 16ko bileran erabaki zuen lurpeko edukiontziak kentzea. “Erabaki hori herri bakoitzeko edukiontzien egoera aztertu eta gero hartu zen”. Diotenez, kenduko dituzten edukiontziak “zaharkituta” daude. Arrazoi hori, baina, ez da bakarra. Izan ere, lurpeko edukiontziak lurrazalekoengatik ordezkatuta mantenimendu gastuak gutxitu egiten dira. “Horrez gain, herritarrei edukiontzi horien konponketek sortzen dizkieten eragozpenak saihestu eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko da”. Dena dela, azken helburua hondakin bilketaren “eraginkortasuna handitzea” dela diote.