Aritz Erkiaga: "Emaitzen aldetik urte onena izan da, baina joko aldetik ez nago gustura"
Indarra, teknika, maisua, umila eta askoz gehiago da Aritz Erkiaga. Aurten bost txapelketa handietatik lau eta hiru master irabazita, Munduko Txapelketara begira dago aurrelari ispastertarra.
Barikuan lehiatu zenuten aurtengo denboraldiko azkenengo Grand Slameko finala, Hondarribian. Zelakoa izan zen?
Nahikoa txarto hasi ginen bai Etxeto eta bai neu, huts erraz asko egiten. Lehenengo setean nahiz eta oso txarto jolasten egon, bi puntura egon ginen. Irabazteko asmoa eduki genuen, baina gero, zazpi bat tanto segidan egin zituzten, eta erraz irabazi zuten. Bigarren seterako txipa aldatu genuen, eta pilota aldatuta, geure jokoa egiteko aukera eduki genuen. Hirugarren seta bost tantora izaten denez, ezin da akats bat ere egin. Bi egin genituen, eta zortezko tanto bi eduki zituzten. Azkenean, nik ere sakea eskura eman nion, eta ezin izan genuen irabazi.
Zein izan zen giltzarria?
Lopez. Bera da onena, eta gogoagaz etorri zen. Ia egun denak edukitzen ditu onak, baina gogoagaz datorrenean oso gaitza da hari irabaztea. Bere gustuko pilota topatu zuten eta, gainera, ez zitzaien apurtu. Batzuetan pilota apurtzeko fedea izaten duzu, aldatzeko, baina partidu guztia iraun zuten. Imanolek izugarrizko partidua egin zuen, eta horrela datorrenean gaitza izaten da irabaztea.
“Agian, irabazteko presioa eduki dut, atzelari onak eduki ditudalako, eta ez dut nire jokoa atera. Ez dut asko errematatu izan”
Arberentzat lehen Grand Slama izan da. Orokorrean, zelan ikusi duzu Hondarribiako partiduetan?
Inoiz beragaz entsaiatzen dut Markinan. Pilotari serioa da. Errematatzen duenean aukera daukalako izaten da. Huts gutxi egiten ditu. Bera erasotzeko asmoa eduki genuen, Imanoli ezin zaiolako egin. Pentsatu genuen agian urduri egongo zela, baina ez zen horrela izan, eta huts gutxi egin zituen. Partidu oso serioa egin zuen, eta guk eduki genuen asmoa ez zen bete.
Udako pilotaria izan zara. Hondarribiakoa izan ezik gainontzeko lau Grand Slamak bereganatu dituzu. Zelan laburbilduko zenituzke? Zelan gogoratzen dituzu?
Denek esaten dute nire kirol ibilbideko urterik onena izan dela. Emaitza aldetik bai izan da; ez dut uste inoiz hainbeste irabazi eta hain gutxi galdu dudanik. Baina joko aldetik ez nago gustura. Agian, irabazteko presioa eduki dut, atzelari onak eduki ditudalako, eta ez dut nire jokoa atera. Ez dut asko errematatu izan. Taktika moduan partidu batzuk atzean erasotzekoak ziren, eta ez dut errematatzeko aukerarik eduki. Partidu askotan etxera joan eta esan dut, «ederra erridikulua egin dudana», oso txarto jolastu dudalako, irabazi bai, baina gutxigatik eta txarto jokatuta. Adibidez, Gernikan, ligaxkaren lehenengo bi partiduetan, taktikoki atzean erasotzea zen, eta ondo joan zitzaizkigun. Finalaurrekoan oso txarto hasi ginen, Hondarribian moduan pasatu zitzaigun, 15-7 edo galdu genuen, eta bigarrenean erremontatu egin genuen, eta hirugarren setean, 5-4 joanda, eurek txapara bota zuten. Finalean ere txarto jokatzen edo sentsazio txarrekin egon nintzen. Lekek sekulako partidua egin zuen, beragatik lortu genituen puntuak. Azkenengo bi-hiru tantoak egin nituen eta, agian, jendea horregaz geratzen da, baina behar dena Unaik egin zuen, eta uste dut berari esker irabazi genuela.
“Hondarribian Etxetogaz ere oso gustura ibili naiz. Agian ez du eduki erritmoa hartzeko aukerarik; ez ditu partidu asko jokatu, Iparraldean batez ere”
Iparraldekoetan, Pauen, Biarritzen eta Donibane Lohitzunen Lopezegaz aritu zara.
Iparraldean beste sistema bat dago. Txapelketa txiki batzuk jokatu eta puntuak lortzen dituzu, eta Grand Slametarako sailkapenetara heltzen zara. Lopez eta biok bigarren geratu ginen; puntuetan bera zen bigarren atzelaririk onena eta ni bigarren aurrelarietan, eta horregatik, hiru txapelketak beragaz tokatu zitzaizkidan. Eta lehen esan dudan moduan, gogoagaz datorrenean eta irabazi behar denean, irabazi egiten du. Niretzat, behintzat, atzean alde handia dago Lopezetik hurrengokora. Leke Gernikan egon da, baina Hondarribian-eta ez, orduan, nire ustez, abantaila handiak eman behar ditu partidu orekatu bat egoteko. Hondarribian Etxetogaz ere oso gustura ibili naiz. Agian ez du eduki erritmoa hartzeko aukerarik; ez ditu partidu asko jokatu, Iparraldean batez ere. Hasieran hotz egon zen. Berak esaten du tentsioagaz moduan jokatzen duela ez duela askatzeko aukerarik edo, eta pixka bat igarri zaio. Pentsatzen dut maila oso ona eman duela puntu batzuetan. Erritmoa edukiz gero, partidu oso bat oso ondo jokatzen du. Pilotari oso ona da, pilota asko sartzen ditu. Ez da hainbeste dominatzekoa eta hainbeste tanto egitekoa, Lekek eta moduan, eskumagaz. Baina dena sartzen du. Beharbada erritmo hori falta izan zaio, baina beragaz oso gustura jokatu dut.
Eta sentsazio aldetik, zein urte edo partidu izan da onena, bereziena?
Adibidez akordatzen naiz 2017an Etxetogaz Goiko eta Lopezen kontra Donibane Lohitzunen jokatutako finalerdiaz. Galdu egin genuen, baina gustura jokatuta. Erremateak eta tantoak egin nituen. Pentsatu nuen besteek merezi zutela irabaztea, onenak direlako, baina behintzat egindako tantoekin eta jolastutako partiduagaz gustura joan nintzen etxera. Eurek beharbada erraz irabaziko zuten, baina ni izerdia botata eta gustura joan nintzen etxera.
“Onena edota onenetarikoa izateko abantaila asko eman behar dituzu; atzelari txar bat eta aurkari onak eduki behar dituzu erakusteko zeu ona zarela eta ez dela bikote kontua”
Aditu zein zale askok goraipatzen zaituzte. Azken urteotako eta batzuentzat historiako aurrelari onenetarikoa zara. Zer sentitzen duzu horrelakoak entzutean?
Ez da hurbildu ere. Nik ezagutu dudan aurrelari onena Goiko da. Bere mailarik onenean egon zenean, orain baino bi edo hiru bider gehiago jokatzen zuen. Harek bai ematen zituen abantailak, orain Lopez atzean ematen ari den moduan. Gaur egun ez dagoenez ikuskizun askorik, agian jendeak ez du asko ikusten, eta errematatzekoa naizenez, beharbada, horregatik esaten dute hori. Onena edota onenetarikoa izateko abantaila asko eman behar dituzu; atzelari txar bat eta aurkari onak eduki behar dituzu erakusteko zeu ona zarela eta ez dela bikote kontua. Guri ez zaigu hori suertatu, ez da hori gertatu.
Zeure jokoa, estiloa deskribatu beharko bazenu, zer esango zenuke. Zelakoa da Aritz kantxan?
Pilota biziagaz jokatzea gustatzen zait, eta ikuskizuna ematea, behintzat erremateak eta bizitasuna. Partidu batera zoazenean, irabazi egin nahi duzu, eta non dagoen hutsa topatu behar duzu; zuri komeni zaizuna barik besteari komeni ez zaiona topatu behar duzu. Partidu batzuetan lana egitea tokatzen da, eta hor ez gara txarto moldatzen. Baina neure pilota aukeratu beharko banu, bizia da, eta errematatzeko aukerak edukitzekoa aukeratuko nuke.
Epe laburrera, zeintzuk dira zure helburuak?
Munduko Txapelketa jokatuko dut azaroaren 15etik 20ra, Mexikon. Berriatuko txapelketa jokatzen ere ari naiz Mikel Manzisidor mutrikuarragaz. Goiko eta Lopez kenduta, onenak hor gaude. Ligaxkako partidu bat falta zaigu, eta finala Munduko Txapelketaren ondoren jokatuko da. Finalerdiak ere baliteke Munduko Txapelketaren ostean jokatzea; sailkatzen diren bikoteen arabera erabakiko dute. Adibidez, Manzi 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa jokatzen ari da aste honetan. Eta entzun da Gabonetan jokatuko dela Gernikako Masterra; urrian jokatu behar zena abendura pasatu dute. Bestetik, entzun dut Zumaian binakako beste txapelketa bat jokatzeko berbetan ari direla. Eta abenduan banakako txapelketa jokatuko da Berriatuan. Abenduan hiru bat txapelketa-edo egongo dira.
Hain zuzen, iaz jokatzekoak zineten Munduko Txapelketa, eta orain lehiatuko duzue. Zein da zure helburua?
Irabaztea gustatuko litzaidake. Ez dakigu zeintzuk egongo garen, baina badakigu frantziarrak zeintzuk diren eta izenez behintzat, iaztik jaitsi egin dira. Helburua da hemengo talde biak sailkatzea, eta ea finala gure artean jokatzen dugun.
“Koadroa handituta eta gauzak ondo eginez gero, egutegi luze bat ipini ahalko da, eta zestarentzako ona izan liteke. Pentsatzen dut aukera ona dela. Gu mugitu beharko gara”
Daniako frontoia itxiko dutela iragarri berri dute. Pilotarentzat zer suposatzen du horrek?
Agian aukera ona izan liteke; berri txar batetik berri on bat atera daiteke. Ez dakit jendeak ze asmo daukan, baina, adibidez, Barandika, Leke, Amigorena, Ibon Aldazabal eta beste batzuk hona bizitzera baldin badatoz, hemen koadro handiagoa egongo da. Beste askok han daukate emaztea eta familia eta, agian, ez dira etorriko. Beste asko hemen egonda, aukera gehiago edukiko genituzke hemengo denboraldia luzatzeko, enpresariek nahi baldin balute. Orain arte, agian ez da egon pilotari askorik, beti partidu berdinak ikusten agian nekatu egiten zara, eta ez du merezi partidu asko ipintzea. Baina koadroa handituta eta gauzak ondo eginez gero, egutegi luze bat ipini ahalko da, eta zestarentzako ona izan liteke. Pentsatzen dut aukera ona dela. Gu mugitu beharko gara, enpresariak ez dira mugituko eta. Agian orain daukatenagaz ondo dabiltza, eta ez dute nahi arriskatu eta inbertitu. Telebista ere hor dago, eta indar handia dauka. Telebistan albisteak eta partiduak emanez gero, jendea animatu egingo litzateke. Frontoietan publikoa badagoela ikusi da, Gernikan, adibidez, bost funtzioetan bete zen. Aukera hor daukagu, eta aprobetxatu egin behar dugu.