'Bihotza Kate' Peru Abarka lehiaketaren album berria aurkeztuko dute
Barikuan [urriak 22] emango dute ezagutzera lan berria. Lehiaketako irabazleek, udal ordezkariek eta lehiaketaren antolatzaileek parte hartuko dute Esperantza aretoan egingo den aurkezpen ekitaldian.
Barikuan [urriak 29] 20:00etan aurkeztuko dute Esperantza aretoan 2021eko Peru Abarka Album Lehiaketaren lan irabazlea. Xabier Paya Ruizen idazlanagaz eta Iker Orueta Esparzaren ilustrazioekin osatu dute Bihotza kate izeneko album ilustratu berria.
Idazleak eta ilustratzaileak biek parte hartuko dute aurkezpenean. Eurekin batera egongo dira Idoia Arrieta Markina-Xemeingo Udaleko euskara zinegotzia, epaimahai lanetan parte hartu duten Mari Eli Ituarte Peru Abarka album lehiaketako antolatzailea eta Uxue Errazkin Erein argitaletxeko editorea.
Leire Bilbao idazle ondarrutarrak, IƱaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak eta Mari Eli Ituarte lehiaketako koordinatzaileak osatu dute idazleen ataleko epaimahaia, eta idazkari lanetan Igor Idoeta Markina-Xemeingo Herri Bibliotekako arduraduna aritu da. Idazleak garai bateko kronika aurkezten duela azaldu du epaimahaiak, eta narrazio bizia eskaintzen duela gaineratu dute, “hizkuntza eder eta iradokitzailea erabiliz”.
Aurtengo edizioan hiru ilustratzailek aurkeztu dituzte haien lanak Peru Abarka Album Lehiaketara, eta epaimahaiak Oruetaren lana saritzea erabaki du. Horretarako aipatutako arrazoien artean, ilustratzaileak aukeratu duen ikuspuntu berritzailea nabarmendu dute: “plano finko bat hartu du atze-oihal bezala eta oinarri horrekin garatu ditu eszena desberdinak”. Testuaren gai nagusiarekin “lotura ederra” egiten zuela eta “oso proposamen egokia zela” ebatzi zuten hiru epaimahaikideek, Malen Amenabar ilustratzaileak (Txakur Gorria kolektiboa), Pepi Aizpuru (Erein argitaletxeko ordezkaria), eta Mari Eli Ituartek.
Aurkezpenerako sarrera libre egongo dela azaldu dute antolatzaileek, aretoko edukiera bete arte.