Helmugakeko kideek euskal kostaldea zeharkatuko dute, Aspanovasen alde
Zapatuko 02:00etan Berriatuatik irten, Angeluraino joan eta euskal kostaldea zeharkatuz, handik Muskizera egingo dute. Muskizen kalean lo egin eta hurrengo eguneko 13:30ak aldera Berriatura heltzea aurreikusten dute.
Helmugak proiektuko kideek Aspanovasen aldeko urteko bigarren ekintza solidarioa gauzatuko dute asteburuan. Zapatu goizaldean Berriatutik irten, handik Angeluraino joan eta euskal kostalde osoa zeharkatuz Muskizera ailegatuko dira, eta handik berriro ere Berriatura itzuliko dira. Eta hori guztia bizikletaz egingo dute; ia 500 kilometroko bidea eta 7.000 metroko desnibel metatua. Uztailean Hiru Erregeen Mahaira egindako irteeraren modura, bigarren ekintza hori ere abentura eran egingo dutela zehaztu dute.
Ondokoak dira ekintza solidarioa gauzatuko dutenak: Ander Txakartegi Helmugak proiektuaren sustatzaile eta abenturazale berriatuarra, Mikel Mote eta Oier Aldabaldetreku mutrikuarrak eta Espainiako Vueltan eta Italiako Giroan etapak irabazi zituen Igor Anton txirrindulari galdakaoztarra. «Aitor Antxustegi berriatuarrak ere ekintza egiteko asmoa zeukan, baina eroriko bat eduki zuen eta ezin izango du egin», azaldu du Txakartegik.
[Egin diru ekarpena Aspanovasen alde]
Ibilbidea. Abenturazaleak zapatuan 02:00etan aterako dira Berriatutik; aurreikuspenen arabera, 08:00etarako Angelun egongo lirateke, eta 20:05erako Muskizko Puntan egotea aurreikusi dute. «Muskizko herrigunera itzuli eta kalean lo egin eta gero, domekan 09:00etan berriro ere Berriaturantz aterako gara». Dena dela, domeka goizean Aspanovasek Crucesen daukan egoitzan geldialdia egingo dute, 09:45ak aldera. «Abentura haien alde egingo dugunez, egokia iruditu zaigu bertan geldialdia egin eta argazki bat ateratzea».
Dena ondo bidean joanda, domekan 13:30ak aldera Berriatura ailegatuko lirateke. «Berriatuan ez dugu inolako jairik egingo. Kontua Aspanovasen aldeko abentura hau egitea da». Abentura osoa bikepacking eran egingo dutela diote. Hau da, dena aldean eramango dute.
Diru bilketa, martxan. Gogorarazi dute Aspanovasen aldeko Internet bidezko diru bilketak martxan jarraitzen duela; Eupadak by Helmugak proiektuan egin behar dira ekarpenak. Diru bilketa urte amaierara arte egongo da zabalik.
Kilometroko asko egingo dituzte, eta esan dute euskal kostaldearen orografia nahikoa zaila dela. «Euskal kostaldea ez da laua. Angelutik Muskizerainoko bidean hainbat gailur igo behar ditugu, eta denak bata bestearen atzetik datoz: Jaizkibel, Igeldo, Orio gaina, Itziar… Ibilbidea oso gorabeheratsua eta gogorra da».
Proiekzioa, barikuan. Dena dela, zapatu-domekako abentura ez da Helmugakeko kideek asteon daukaten hitzordu bakarra. Izan ere, barikuan [urriak 22] 2018ko uztailean Kanadan bizitako abentura laburbiltzen duen Kanada euskalduna dokumentala proiektatuko dute, 19:00etan, Berriatuko bideo gelan. Proiekzio horretan parte hartuko du Txakartegik, baina baita ere Tomas Ugarteburu Kanadan bizi den baina jatorriz Berriatuko Milloi auzokoa den herritarrak.
Helmugakeko kideek Kanadara bidaiatu zutenean, Ugarteburu haiei laguntzen ibili zen. Bidaia haren azken egunean, gainera, Vancouverren egindako euskaldunen topaketan parte hartu zuten. Eta horri buruz ere ariko dira. Izan ere, dokumentala ikusi ostean solasaldia egingo dute.