Konposta jasotzeko aukera edukiko dute eskualdeko herritarrek
Bosgarren edukiontzia ezarrita dagoen udalerrietako biztanleek hartu ahalko dute konposta.
Astelehenetik [urriak 25] aurrera, Milloiko Andonegi plantako konposta eskuragarri edukiko dute Berriatua, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarko herritarrek. Lea Artibai Amankomunazgoak organikoaren bilketa egiten du eskualdeko udalerri batzuetan. 2018tik bildutako materia organiko hori konpostegira eramaten dute, eta bertatik ateratako konposta hori herritarren eskura jarriko dute orain.
Bosgarren edukiontzia ezarrita dagoen udalerrietako biztanleek hartu ahalko dute konposta, eta horretarako materia organikoaren birziklapena egiteko txartela aurkeztu behar dute edo auzokonpostajea egiten dutenen zerrendan egon behar dira.
Konposta hartu ahal izateko 900 10 48 78 telefono zenbakira deitu eta eskaria egin behar da ondorengo datuak emanda: izen- abizenak, helbidea, udalerria eta organikoaren txartelaren zenbakia edo auto/auzokonpostajean parte hartzen dutela ziurtatu. Eskaera onartutakoan, ordu eta egun bat emango diote eskatzaileari Andonegiko plantara joateko.
Zehaztu dutenez, etxebizitza bakoitzak behin jaso ahal izango du konposta, eta gehienez 1x1x1 metroko tamainako zakua bete ahalko dute. Eskatzaileak berak eraman beharko ditu konposta jaso eta garraiatzeko materialak (zakua, pala eta ibilgailua) ere. “Bigarrenez hartu nahi bada, eskaria berriz egin beharko da eta Amankomunazgoak izandako eskarien arabera erabakiko du onartzea ala ez”, argitu dute.
Bestalde, hartutako konposta eskatzaileak berak erabiltzeko izan beharko da: “ezin izango da saldu edo hirugarren bati eman ezta Lea Artibai Amankomunazgokoa ez den beste udalerrietan erabili”.