Markina-Xemeingo 43. Esku Pilota Txapelketako irabazleak erabakiko dira domekan
Zazpi final jokatuko dira, 10:00etatik aurrera, frontoi txikian. 70 pilotarik parte hartu dute aurtengo txapelketan.
Domekan [urriak 24], 10:00etatik aurrera jokatuko dira Markina-Xemeingo frontoi txikian 43. Esku Pilota Txapelketako finalak. Hilabete inguruko lehiaketaren ondoren, aurtengo txapeldunak zeintzuk diren erabakiko da. Guztira, kategoria desberdinetako 70 pilotarik parte hartu dute aurtengo txapelketan, eta horietatik 28 ailegatu dira finaletara.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariez gain, bikoteak osatu asmoz, beste talde batzuetakoak ere gonbidatu dituzte parte hartzera, Lekeitio, Lea, Elgoibar, Iurreta, Zeanuri eta Zornotzako pilotariak besteak beste. Txikienek denek denen kontra jokatu dute, eta bikoteka ariru dira beste mailetako pilotariak. Finalen amaieran, ohi modura, txapelak eta garaikurrak banatuko dizkiete irabazleei.
Ahaleginak egin zituzten arren, iaz bertan behera geratu zen txapelketa; ekainerako programatuta zeukaten norgehiagoka irailera atzeratu zuten, baina orduan ere ezin izan zen jokatu. Aurten ere maiatzean eta ekainean jokatu nahi izan zuten, baina egoera ez zela egokiena eta irailera atzeratu zuten norgehiagoka. Ohi modura, datorren urtean berriro ere, txapelketa maiatza eta ekaina artean jokatuko dela azaldu du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldeko entrenatzaileak.
Domekako finalak hauek izango dira:
- Txikiak: Amets Larrinaga-Aimar Agirrezabalaga/Ekhi Sanz-Pello Olabarria
- Umetxoak: Gotzon Odiaga-Estebe Urizarbarrena/Julen Ibarzabal-Jon Cid
- Umeak: Joel Txurruka-Julen Aierdi/Unai Egia-Orhi Robles
- Umeak: Unax Arrizabalaga-Ibai Azpiazu/Ibai Arakistain-Aratz Gandiaga
- Gaztetxoak: Ibai San Anton-Unax Ibarzabal/Amets Alvarez-Mikel Ezpeleta
- Gazteak: Bingen Beitia-Markel Calvo/Mikel Egurrola-Jokin Alvarez
- Nagusiak: Josu Agirreamalloa-Markel Egurrola/Anartz Ibarloza-Antxon Azpiazu.