‘Kandelak’ obra estreinatuko du Jose Pablo Arriagak urriaren 30ean, Zelaian
Oraingoan ere, Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarrak azalduko du artistaren lana dantzaren bitartez. Pandemia garaian inkomunikazioak eragindako sufrimenduak islatu nahi izan ditu obra berrian Markina-Xemeingo artistak.

Bizipen pertsonal batetik abiatuta, Kandelak izeneko obra berria sortu du Jose Pablo Arriaga artista markina-xemeindarrak. Azaldu duenez, pandemiaren momentu batean inkomunikatuta, bakarrik, isolatuta sentitu da, eta sentipen horiek barruan utzitako ezinegona atera beharra zeukan. «COVIDaren garaian komunikazioagaz konpondu ahal ziren hainbat egoera okerrerantz joan dira. Inkomunikazioak hainbat sufrimendu eragin ditu: familiakoak ezin ikusi izana, lekuetara ezin joan izana…. Nik ere inkomunikazio hori pairatu nuen momentu latz batean, eta horri aurre egiteko kandela bat piztu nuen. Hortik sortu zen obra».
Lan berri horregaz, konfinamendu garaian Oihalezko Teilatua obragaz hasi zuen COVID-19aren pandemiagaz lotutako artelanen bildumen zirkulua ixten duela dio artistak. Oihalezko Teilatua-n pertsonek itxialdian sentitutako mina, hotza, alaitasuna, mugimendua…. islatu nahi izan zituen Arriagak tamaina handiko bost argazki eta hiru eskulturen bidez. Zoritxarraren aurreko ezintasunagaz eta norbere zaurgarritasunaren kontzientziari buruz hitz egin zuen orduan. Itxialdiari lotuta oihalezko teilatua eskaini zuen artistak, babesleku bat bezala.
Pandemiak aurrera egin ahala, berriz, gauzak hobeto zeudela zirudien arren, egoera okertu zen askorentzat, ekonomia eta lana ezegonkorrak bihurtu ziren, eta krisiak eragindako itotasun horren adierazpide Itogina obra sortu zuen. «Jendeak txarto pasatu zuen, kultur ekimenak murriztu ziren, ikuskizunak bertan behera geratu ziren baita artisten lanak ere». Erakusketa lekuak mugatuta egonik, bere etxea aukeratu zuen Arriagak bere lana erakusteko. Bere etxean egiteak bazeukan beste zentzu bat ere, bere etxeko ateak zabaltzea debekatuta zeuden gauza guztiei.
«Jendeak oso egoera gogorrak bizi izan ditu, eta hori islatu nahi izan dut».
Eta, orain, Kandelak obragaz COVIDaren zikloa itxiko du. «Nire asmoa ez da izan ziklo bat egitea. Pandemiak eragindako bizipenen eta egoeren arabera joan naiz eskulturak sortzen». Obra berriagaz ere, pandemiaren inguruan gertatu diren egoera desberdinak erakutsi nahi izan ditu. «Jendeak oso egoera gogorrak bizi izan ditu, eta hori islatu nahi izan dut».
Kandelak. Argazkiak atera zituen lehenengo, pieza bat sortu zuen ondoren, eta elementu berriak egiten joan da gero apurka-apurka. Eta azkenik, geruza ezberdinez osatutako egitura handi bat gauzatu du, kandela erraldoi bat. Egurra aukeratu du elementu hori eratzeko. Material malgu horregaz egin du kurbaz beteriko eskultura. Kurba horien bidez tentsioa adierazi nahi du Arriagak, horregatik elementu guztiak okertu ditu. «Nik, okerdurak dituen obra bat erakutsi izan dut, baina ez dut okerdurekin jolastu mundu guztiaren aurrean eta, oraingoan, malgutasun hori, mugimendu hori, tolesdura hori, tentsio guztiori jarri nahi diot ikusleari aurrean».
«Kandelaren sugarra irudikatuko du Garazik, bizitza ematen diona”
Urtarrilean abiarazi zuen artista markina-xemeindarrak proiektu berria. Mugimendu eta bizitasun handiko zerbait sortu nahi zuen, eta horregatik erabaki du Kandelak ere performance baten bidez jendaurrera ematea. Obra berria ezagutzera emateko Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarra izango du ondoan berriro ere. Dantza eta artea eskutik oratuko dira ostera ere obraren zentzua ikusleari helarazteko. Urriaren 30ean eskainiko dute artista biek performance artistikoa, Zelaian. «Kandelaren sugarra irudikatuko du Garazik, bizitza ematen diona. Geruzak zabaldu egiten dira, eta bera da bizirik atera behar den elementua. Eskulturak haurdun dagoen emakume baten itxura hartu dezake, eta geruzak apurtu beharra egon daiteke barruan dagoena atera nahi bada. Barruko hori ume bat edo barru-barruan gordetako samina ere izan daiteke. Behin ateratakoan josi egiten da, min hori amaitu edo desagertu delako». Arriagaren obraren inguruan dantzan egingo du Etxaburuk, eta artistak berak ere parte hartzen du performancean.
Obra sortu ondoren jarri zen Arriaga Etxaburugaz harremanetan. Lan berria azaldu eta koreografia pentsatu zuten bien artean. Hortik aurrera, dantzariaren sormenari utzi diote bidea. «Erritmoa markatu eta mugimenduak pentsatzen ditu Garazik». Egurrezko eskultura handia erabiliko dute performancerako. Egitura handi hori jarriko dute Zelaian, eta horren inguruan mugituko da dantzaria.
«Jende asko egongo da nik sentitu dudana sentitu duena»
Arriagak badaki ikuskizuna ez dela publiko guztientzat. «Jakin badakit obra bat egiten dudanean zenbat pertsonarengana heldu naitekeen. Arte munduan heziketarik ez duenarentzat zailagoa izango da ulertzea. Hala ere, Garazik egiten duena ikusgarria da, baina horregaz ez dut nahi esan obra arrakastatsua izango denik eta mundu guztiari gustatuko zaionik». Performancea erritmo eta musika aldetik gogorra dela ere azaldu du artistak. «Ez da obra erraza, arretaz jarraitu behar da ulertzeko, ez dago eginda ikuskizun bat modura, performance bat da, artelana dantza garaikideagaz lagunduta kaleratzeko era bat da». Hala ere, artistaren asmoa ez da inor beldurtzea. «Artelan bat ikustera joan eta gida batek lan hori beste modu batera kontatzea moduan izango da. Kasu honetan dantzari batek azalduko du obra».
Sarrera doan izango da, eta hasiera batean Zelaian bada ere, euria eginez gero performancea Plazabarripera lekualdatuko lukete. Erakusketa bat egiteko asmoa ere badauka Arriagak, baina data zehazteko dauka.
Arriagak aitortu duenez, pena ematen dio sentitzen duena eta pentsatzen duena jende gehiagorengana ez heltzea: «Jende asko egongo da nik sentitu dudana sentitu duena».