Era askotako ekimenak antolatu dituzte urteurrenaren asterako. Jardunaldi gastronomikoetan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.
Aurten ere, hiribilduaren urteurrena ospatzeko ekimenak antolatuko dituzte Lekeition. Lekeitiok 696 urte beteko ditu azaroaren 3an, eta urteurren hori gogoan era askotako ekintzak egongo dira aste horretan. Kulturarteko jardunaldi gastronomikoak, hitzaldiak eta liburu baten aurkezpena prestatu ditu Lekeitioko Udalak herriko taldeekin elkarlanean.
Urriaren 30ean, zapatua, egingo da lehenengo ekimena, Kulturarteko Jardunaldi Gastronomikoa. 11:00etan, Lekeitioko Denboraren Bankuko, eta Lekeitio Lagunkoia eta Elkarbizitza taldeetako kideek Euskal Herriko eta munduko hainbat herrialdetako sukaldaritza platerak aurkeztuko dituzte Abaroa jauregiko lorategian. Herrialde bakoitzeko parte hartzaileek prestatuko dituzten janariak zeintzuk osagaigaz egiten diren, zelan prestatzen diren eta noiz jaten diren azalduko dute, besteak beste. Prestatzen duten janaria dastatzeko aukera egongo da, gainera, amaieran. Udalak jakitera eman duenez, parte hartzaile bakoitzari errezeten kopia bat ere emango diote.
Ekimen horretan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik. Astelehenetik [urriak 25] barikura [urriak 29] egongo da zabalik izena emateko epea. Horretarako 688 72 70 95 telefono zenbakira deitu behar da 09:00etatik 11:00etara; zehaztu dutenez, dei galduak eta posta elektronikoak ez dituzte erantzungo. Dei bakoitzeko izen bi hartuko dituzte.
Udalerriaren ondarea eta historia hobeto ezagutu ahal izateko aukera ere eskainiko dute aurtengo jardunaldiek. Hitzaldi bi egongo dira, bata azaroaren 5ean, barikua, eta bestea azaroaren 6an. Azaroaren 5ean, Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak El Campillo, un enclave en la historia de Lekeitio izeneko hitzaldia eskainiko du gaztelaniaz, 19:00etan, Dominiken komentuan. Hurrengo egunean, Azaroak 6, berriz, Nikolas Artieta armadore eta merkatari lekeitiarrari buruz ariko da Aitor Iturbe Gabikagokeaskoa idazle eta historialari lekeitiarra. Iturberen hitzaldia ere, Dominiken komentuan izango da 19:00etan.
Azaroaren 6an baita ere, aurkeztuko dute Jose Mari Arriolaren Izurdiak: La Gomas liburua. Ekitaldia 12:00etan egingo da, kultur etxeko Azkue aretoan.
Hiribilduaren urteurren egunean bestalde, bolanderak bota eta angelusa joko dute 12:00etan.