'Ez dok ero'-k euskal kulturaren gainbegirada umoristiko eta ironikoa dakar Lekeitiora
Emanaldia barikuan [urriak 29] izango da, 20:30ean, Ikusgarri zinema aretoan. Sarrerak salgai daude. HITZAk sarrera bikoitz bat zozkatuko du harpidedunen artean.
Tartean Teatroaren Ez dok ero ikuskizuna ikusteko aukera egongo da barikuan [urriak 29], 20:30ean, Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan. Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek euskal kulturaren gainbegirada umoristiko eta ironikoa eskainiko dute. Sarrerak Internetez eta Zerbyte informatika dendan erosi daitezke; emanaldiaren egunean bertan ere Ikusgarriko leihatilan egongo dira.
Martinez eta Telleria On Kixote eta Santxo Panzarekin parekatuko dira, eta Euskal Herri osoan zehar bidaia zoro bat egingo dute euskal antzerkia eraberritzeko asmo zoroarekin. Aktoreek diotenez, euren buruaz barre egitea da asmoa, eta, aldi berean, modu arin eta dibertigarri batean euskal antzerkia eskaintzea. Ikus-entzunezko errekurtsoak erabiliz, Euskal Herriko toki ezberdinetan kokatuko dira aktoreak.
Lekeition emanaldia eskaini eta gero, azaroaren 21ean Mutrikun eskainiko dute ikuskizuna.
Sinopsia. Mikelote eta Pantxo bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Agertokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrun. Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du.
Egun batean Mikelote, “antzerkilari andante” estrafalarioa Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskal Herrian barrena joateko, herriz herri antzeztera, “euskal antzerkiak behar gaitu” uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz. Mikeloteren imaginazioak sorturiko pertsonaia harrigarriak ezagutu eta egoera korapilatsuetan endredatuko dira.
FITXA:
- Egilea: Patxo Telleria Zuzendaria: Jokin Oregi
- Aktoreak: Mikel Martínez eta Patxo Telleria
- Musika egilea: Adrian Garcia de los Ojos
- Diseinu grafikoa eta bideoa: Naiel Ibarrola
- Eszenografia eraikuntza: Collider Film Solutions.Koop
- Jantzigintza: Nati Ortiz de Zarate
- Argiztapena: David Rodriguez
- Koprodukzioa: Basauriko Social Antzokia
- Produkzio exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo eta Myriam Garzia
- Banaketa eta Komunikazioa: Myriam Garzia