Xabier Payak bere amaren istorioa kontatu du 'Bihotza Kate'-n
Atzo [urriak 22] iluntzean aurkeztu zuten Markina-Xemeingo Esperantza aretoan Peru Abarka lehiaketa irabazi duen 'Bihotza kate' album ilustratua.
Peru Abarka lehiaketako album berriko protagonista bera egon zen atzo [urriak 22] iluntzean Esperanza aretoan egin zen album berriaren aurkezpen ekitaldian. Xabier Paya Ruiz aurtengo idazlanen ataleko irabazleak azaldu zuenez, bere amaren istorioa kontatu du izen abizenekin, eta amak aretoko besaulkietatik entzun zituen, hunkituta, bere semeak eskaini zizkion esker oneko berbak.
Payaren nahia istorio hori amak berak idaztea zen. “Pentsatu nuen berak bere istorioa kontatu behar zuela, eta ahalegindu nintzen, baina adinak eta nagiak eta beste hainbat kontuk eragin zuten zalantzan ipintzea ea inoiz bideak bukaerarik edukiko zuen”. Eta horregatik, amagaz elkarlanean aritu da. “Gure amak gauza asko ditu idatzita, eta batzuetan bere ondoan ipintzen nintzen eta galdetzen nion, eta zelakoa zen aitxitxe, zer gustatzen jakon eta zer jaten zuen… Eta idazki luze horrek denak hartu, eta hortik ondu nuen Bihotza Kate”.
Bizitzak bidegurutze batean jartzen du Carmen, albumeko protagonista, eta erabaki bat hartu beharko du. “Bizitzak bi bide eskaintzen zizkion: Bilbora bueltatu eta aitaren alaba maitea izan edo Madrilera joan eta Emilio Gutierrez Caba, Manolo Galiana eta antzerkiaren munduan etorkizun oparoa izan duten beste pertsona askogaz bidea egitea”. Erabakia albumean dago idatzita, baina Payak aipatu zuenez, egon liteke hirugarren aukera bat ere: aukera bi horietako bata ez bestea aukeratzea. “Seguru nago mundu honetan, asko direla nire amak bezala beste amets batzuk bilatu behar izan zituztenak”. Bere amari eta beste amets batzuk bilatu behar izan zituzten horiei guztiei eskaini die liburua Payak.
“Bertsolaria naiz ni eta gehiago gustatzen zait esan eta berbak haizeak eraman ditzala, eta ez paperean jasotzea”
Aitortu zuenez, bizipenak eta sentipenak idazteari beti izan dio beldur handia: “bertsolaria naiz ni eta gehiago gustatzen zait esan eta berbak haizeak eraman ditzala, eta ez benetan paperean jasotzea”. Hala ere, istorio hori idaztea barne bilaketa bat izan dela azaldu zuen, bere burua gehiago ezagutzeko, amaz eta familiaz jakiteko. “Arrazoi asko egon ahal ziren Peru Abarkara aurkezteko, hain gertukoa da hain intimoa da nik hemen kontatzen dudana ez banuela etxean egiten nire bigarren etxean egin behar nuela, eta hala sentitzen dut Markina-Xemein”.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Lehiaketaren bidea asko gustatzen zitzaion bidea ere badela azaldu zuen. “Ez dut ikusten nire burua argitaletxe baten atea joten. Ordea, bai lantzen, bai kontrastatzen”. Familiari eskerrak emateagaz gainera Joxerra Gartziari ere aipamen berezia egin zion: “berak egin didalako aurre editore lanak eta gogoetak”. Beretzako ohore bat dela esan zuen Peru Abarka lehiaketako irabazleen zerrendan agertzea, eta antolatzaileek egindako lana goraipatu zuen.
Antzerkia. Antzerkiaren inguruan ari da Payaren kontakizuna, eta antzerkiak istorioan daukan protagonismo hori islatu du Iker Orueta Esparzak irudien bidez. Arkatz bat eduki duenetik irudiak egin edo koloreztatu dituela azaldu zuen irudigile gazteak. EHUn ikasi eta Master bat egin ondoren, Bihotza kate urte guzti horietako helmuga izan dela azaldu zuen. “Argitaratu diren nire lehenengo ilustrazioak dira”.
“Carmen familiak alde batera bultzatzen du eta antzerkiak, bere pasioak beste aldera, eta horiek mugimenduak erabili nituen irudietan”
Oruetak azaldu zuenez, Bihotza Kate-rako egin dituen ilustrazioek Es Devlin artista eta antzerki-diseinatzailearen lana dute abiapuntu. Haren lana ezagutu zuenean antzerki edo eszenatokiekin zer edo zelako lana egiteko gogoa piztu zitzaion. Peru Abarka lehiaketak eman dio horretarako bidea. Lehiaketa zegoela ikusi eta Payaren idazlana irakurritakoan burura itzuli zitzaion ideia zahar hori. “Eszenatoki bat burura etorri zitzaidan. Eszena batetan deskubritzen dugu Carmenen indar bat dela antzerkia, eta puntu horretatik aurrera niretzako ez zegoen bueltarik ematerik, proiektu hau antzerkiaren bidez azaldu behar zen”. Horretarako bere casting bat egin, aktoreak asmatu eta aktore horiei pertsonaien itxura eman zien. Payaren testuak asko lagundu dio pertsonaiak irudikatzerakoan. “Familiako hainbat xehetasun emateak indarra ematen dio, beraz, dauden ezberdintasunak lauso ikusten dira”.
Oruetaren ustez, irudigintzak badauka gaur egun zinemaren eragina, eta ariketa hori egin zuen marrazkiak egiteko: kamara bat edo ikusle bat bere aulkian begira imajinatu eta gertatzen ari zen guztia hari zelan erakutsi hausnartu zuen. “Butakatik ez du dena ondo ikusten, beti dago leku berean, eta butakan dagoen norbaiti espazio guztiak erakusteko zelan egin pentsatu nuen. Horregatik sortu nituen eszenatokia espazio ezberdinetan banatzen zuten elementu sinpleak. Pertsonaiak ere nabarmenduta daude, gehiegizko keinuekin eta fokuak dituzte gainean“. Aurkitzen zituen arazo guztiak antzerkiaren bidez konpondu dituela zehaztu zuen: pertsonaien janzkera, pertsonaien kokapena agertokian… “Familiak alde batera bultzatzen du Carmen, eta antzerkiak, bere pasioak, beste aldera, eta horiek mugimenduak erabili nituen irudietan”. Irakurlea buruan, ideia batzuk alboratu eta irudi garbiagoak egitea nahiago izan duela ere argitu zuen.