Eneritz Lizardi mutrikuarrak Munduko Txapelketa irabazi du
Lizardi eta Ortiz de Mendibil 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketan izan dira txapeldunak, eta Maialen Aldazabal berriatuarra eta Ihart Arakistain sopelarra txapeldunorde. Gizonezkoetan bakarka aritu dira, eta Mikel Manzisidor mutrikuarra hirugarren sailkatu da.
Zapatuan [urriak 23] amaitu zuten 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa, eta Lea-Artibai eta Mutrikuko puntistek emaitza bikainak lortu dituzte. Danok Bateko Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Zumaiako taldeko Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra dira historiako lehenengo txapeldunak. Izan ere, emakumezkoen lehenengoz jokatu dute Munduko Txapelketa. Berriatuko Zesta Eskolako Maialen Aldazabal berriatuarrak eta Ihart Arakistain sopelarrak ere historia egin dute.
Aipatu bi bikoteen artean erabaki zen zapatuko finala. 15-17 eta 15-10 nagusitu ziren txapeldunak. Tania Mayorga eta Mafer Ballesteros mexikarrak sailkatu ziren hirugarren.
Eneritz Lizardi: “Pertsonalki niretzat, eta oro har, emakumezkoen zesta puntarentzat ere lorpen handia izan da”.
Lizardiren hitzetan, “lorpen handia” izan da: “Bai irazteagatik eta baita ere lehenengo aldia izan delako nesken Mundiala egin dena. Beraz, pertsonalki lorpen handia da niretzat Mundiala irabazi dudalako, baina horrez gain, emakumezkoen zesta puntarentzat ere lorpen handia izan da”.
Elkar ondo ezagutzen dute bi bikote euskaldunek, eta finala “uste baino hobeto” joan zitzaiela azaldu du atzelari mutrikuarrak. Bera eta Ortiz de Mendibil “konfiantza osoarekin” irten ziren kantxara; seguru eta serio aritu ziren: “Uste dut harmailak beteta zeudela ikusteak haiei asko eragin ziela, eta ez zutela euren erabateko jokoa atera, eta guk, aldiz bai”. Are gehiago, eurak “burua gehiago altxatu” zuten: “Eurak urduritasunaren ondorioz gaizkiago jokatu zuten. Alde horretatik guk abantaila eduki genuen. Uste dut finala hor egon zela. Hasieratik hasi ginen irabazten, eta eurak ezin izan zioten egoerari buelta eman”.
Hala, finalean egindako jokoarekin “oso gustura” geratu ziren txapeldunak: “Hasiera-hasieratik seriotasun osoarekin jokatu genuen, oso ondo. Espero genuen dena lortu genuen”.
Emakumezkoetan Espainiako eta Frantziako bina bikotek eta Mexikoko bikote batek jokatu dute txapelketa. Finalerdian bikote frantziar bat kanporatu zuten Lizardik eta Ortiz de Mendibilek. Oro har, Munduko Txapelketaren parte izatea “denentzat esperientzia oso polita” izan dela azpimarratu du mutrikuarrak. “Garaipenaren bila joan arren, bertan egotea guretzat lorpen handia izan da. Guk urte gehiago daramatzagu jokatzen, eta nire ustez, hobeto jokatzen dugu edo behintzat zestan jokatzeko erraztasun gehiago daukagu. Erakutsi dugu mundu osoan zehar jokatu ahal dela zesta puntan eta emakumeok ere parte hartu ahal dugula kirol honetan”.
Urriaren 18tik 23ra lehiatu dute Munduko Txapelketa Iscar eta Vallelado udalerrietan (Gaztela eta Leon, Espainia), 36 metroko frontoian. Iparraldeko eta hegoaldeko euskal puntistak nabarmendu dira herrialdeen arteko lehia horretan.
Gizonezkoak bakarka lehiatu dira, eta Mikel Manzisidor mutrikuarra hirugarren sailkatu da. Bixente Gonzalez Biarritzeko pilotaria geratu da txapeldun eta Thomas Urrutia Donibane Garazikoa txapeldunorde (15-6 eta 15-11).
Manzisidorrek Aaron Gonzalez de Matauko gasteiztarraren kontra lehiatu zuen hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua, barikuan [urriak 22].
Harrera beroa Mutrikun. Munduko Txapelketatik bueltan, Lizardik eta Manzisidorrek merezitako harrera jaso zuten euren sorterrian atzo. 14:00etan Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak hartu zituen udaletxean, eta Miruaitz frontoian ere Danok Bat klubaren ordezkariek eta gertukoek omenalditxoa egin zieten.
Lizardiren arabera, harrera “oso polita” izan zen: “Eskerrak eman nahi dizkiegu bai herriari eta baita udalari ere. Ez genuen espero horrelako zerbait egitea. Herrian garrantzia handia eman zaio eta ez bakarrik atzoko harreran. Aste osoan zehar ere babes handia jaso dugu herritarrengandik. Eta atzoko frontoiko harreragatik gure zestako klubari ere eskertuta gaude, igartzen delako garrantzia eman diotela eta merezitako saria jaso dugulako”.
Lizardi: “Aste osoan zehar ere babes handia jaso dugu herritarrengandik”