Lea-Artibai taldea BBK Sariketako finalaurrekorako sailkatu da
Eguaztenean erabakiko da Lea-Artibaiko bertsolari gazteek ze talderen aurka lehiatu behar duten finalaurrekoa.
Lea-Artibaiko taldea nagusi izan da gaur [urriak 25] Gueñesen jokatutako kanporaketa saioan. Bertokoek Enkarterri/Ezkerraldearen aurka egin dute bertsotan, eta irabazleak izan dira. Ondorioz, Lea-Artibai taldea azaroaren 17an Gernika-Lumoko Barrutialde BHIn jokatuko den finalaurrekorako sailkatu da.
Baina finalaurreko horretan aurkaria nor izango den oraindik ez dago zehaztuta. Izan ere, eguaztenean [urriak 27] jokatuko den kanporaketa saioan erabakiko da hori; Hego Uribe eta Busturialdea lehiatuko dira kanporaketa saioan, eta saioa irabazten duen taldea Lea-Artibairen aurka ariko da.
Gaurko saioan ondoko bertsolariek parte hartu dute: 18 urtera artekoetan, Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga aritu dira, eta 19 urtetik 24 urte bitartekoetan Aissa Intxausti, Nahia Ibarzabal eta Irune Basagoiti.
Bertsolari Gazteen 29. BBK Sariketako finala azaroaren 29an jokatuko da, 18:00etan, Bilboko BBK Aretoan.