Ondarroako Plaiko Zubia erditik zabaldu dute
Egitura eskuz zabaldu dute mantenu lanak egiteko. Proba "oso ondo" joan dela esan dute Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek.
Gaur [urriak 25] goizean Ondarroako Plaiko Zubi birakaria zabaldu eta itxi egin dute. Azpiegitura urriaren 1ean zabaldu zuten oinezkoentzat, eta gaur erditik zabaldu dute egitura zabaldu eta ixten duen mekanismoa baldintza onetan mantentzen dela ziurtatzeko; jarduketa hori egin duten lehen aldia izan da gaurkoa.
Proba “oso ondo” joan dela esan dute Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek. Eskuz zabaldu dute egitura eraberritze lanez arduratu den Orion enpresako hiru langilek; zubiaren zutabeetan dauden eragiteko bolanteei esker zati mugikor guztiak mugitu dituzte alde batera zein bestera.
Gaineratu dutenez, aldiro-aldiro errepikatuko dute ekintza. “Gutxi gorabehera hamabost egunean behin zabalduko dugu zubia, eragingailu eta errodadura sistemak ikuskatzeko eta koipeztatzeko. Mekanismoak higadura eta giro gaziaren korrosioa pairatzeko arrisku handia du, eta maniobra honegaz biraketa mekanismoaren zati mugikorrean oxidoa, zikina edo materia organikoa pilatzea saihesten da. Era berean, zubiak ze portaera eta ze graduazio dituen ere egiaztatuko dugu”.