Azaroaren 3an amaituko da Mutrikulan 2021 diru laguntza eskatzeko epea
Udal Garapen Batzordeak sustatutako egitasmoak enpresa irekitzeko egindako inbertsioak eta sortzen diren lanpostuak diruz lagunduko ditu.
Mutrikuko Udalak 40.000 euroko saila bideratu du udalerrian enplegua sortu eta enpresa ekimenen garapena bultzatzeko asmoarekin sortutako Mutrikulan diru laguntzetara. “Diru kopuru hori 2020ko zein aurtengo deialdiko diru laguntzei aurre egiteko erabiliko da”. Udal Garapen Batzordeak sustatutako egitasmoak enpresa irekitzeko egindako inbertsioak eta sortzen diren lanpostuak diruz lagunduko ditu. Ekintzaileei zuzendutako diru laguntza eskaerak aurkezteko epea azaroaren 3an amaituko da. Oinarrietan agertzen denaren arabera, bi dira diruz lagunduko dituzten lerroak: alde batetik, enpresa proiektu berrien sustapena eta, bestetik, enpleguaren sustapena.
Enpresa proiektu berrien sustapena lerroaren helburua da Mutrikun enpresa berriak ezartzeko enpresa ekimenei diruz laguntzea. “Zenbait udal zergaren kontzeptuan hobariak aplikatuko zaizkie. Enpresa jartzeko garaian alokairu bat badu ekintzaileak alokairuaren ehuneko bat ere diruz konpentsatuko zaio”. Diru laguntzetara aurkezten diren ekimenek, gutxienez, 18 hilabeteko iraupena izan beharko dute eta inbertsioak ere diruz lagunduko dira. “Egiten den inbertsioaren araberako laguntza izango da eta, gehienez, 10.000 euroko diru laguntza eman ahal izango du udalak”.
Enpleguaren sustapena lerroari dagokionez, bestalde, itzuli beharrik gabeko diru laguntzak emango dituzte langileak kontratatzeagatik, ekintzailea bera barne. “Enpresa berriek zein aurretik martxan dauden enpresak eskatu ahal izango dute laguntza hau. Kontratazio berriak ordenantza hau argitaratu aurreko langile kopurua handitu beharko dute. Beharrezkoa izango da gutxienez 18 hilabeteko lanpostuak bermatzea”. Esan dutenez, emakumeak zein lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak lan munduan sartzea sustatuko da bereziki.
Azpimarratu dutenez, diru laguntzak 2021ean sortutako enpresei daude zuzenduta. “Salbuespen modura, eta enpresetan COVID-19 pandemiak izan dezakeen eragin kaltegarria arintzeko, deialdi honen enpresa proiektu berrien sustapen atalaren baitan berriro aurkeztu ahal izango dira laguntza hori aldez aurretik jaso duten eta negozioaren bideragarritasunari eusteko inbertsio berriak egin dituzten ekintzaileak”.