Bost eguneko egitarauarekin dator Mutrikuko Gaba Beltza
Arimen Gauari lotutako ekintza nagusienak barikuan [urriak 29], zapatuan [urriak 30] eta domekan [urriak 31] egingo dituzte.
Aspaldiko ohitura zaharrak mantendu nahian, Arimen Gauari lotutako ekintzak egingo dituzte Mutrikun. Astelehenean da azaroaren 1a, eta gaurik ilunena eta beldurgarriena ospatzeko egunaren harira bost eguneko egitaraua prestatu dute; indarrean dauden segurtasun neurri guztiak errespetatuta, eguenean [urriak 28] hasi eta astelehenera [azaroak 1] bitartean egingo dira Gaba Beltzeko ekintzak. “Jaia pandemia aurretik ospatzen zen eran ezingo da ospatu. Hala ere, eta beti-betiko ohiturei eutsita, ekintza puntual batzuk antolatzea erabaki dugu. Jaia ospatzera datozenei zentzuz jokatzeko eskatu nahiko genieke; pandemia ez da amaitu”.
Aurtengo ekintzak beldurrak uxatzeko ipuin kontaketarekin hasiko dituzte. Eguenean , 17:00etan, Zer dago nire armairu barruan? saioa eskainiko du Lur Usabiaga ipuin kontalariak liburutegian. 5 urtetik gorakoei zuzenduta dagoen saioa hileroko Ipuinaren Ordua egitasmoaren barruan kokatu dute antolatzaileek. “Hilero antolatzen dugun Ipuinaren Ordua egitasmoko saio hau gaiarekin lotu dugu”.
Bariku [urriak 29] arratsaldeko ekimenei Txantxangorri aisialdi taldekoek emango diete hasiera. Ludotekatik abiatuta, ekintza beldurgarriak prestatu dituzte HH3tik LH1eko bitartekoentzat. Gaua egin orduko, berriz, Talaixako Mamua herritarrak beldurtzeko asmoarekin jaitsiko da herrira. Kalejira 19:30ean hasiko da, eta akordeoi eta txistu doinuek alaituta, Gure Ametsa dantza taldekoak Axuri Beltza dantzatzen ibiliko dira kalerik kale. Eurekin batera joango da Talaixako Mamua ere; ekintza pertsonaia beldurgarriari Beheko Plazan su emanaz amaituko dute.
Domekan, esaterako, heriotzari buruz berba egiteko topaketa egingo dute Zabiel kultur etxean, Ainara Etxearte psikologo mutrikuarrak gidatuta
Musika dantzagarria izango da zapatuko [urriak 30] protagonista nagusia. 18:30ean hasita, umeentzako disko festa egingo dute Beheko Plazan. 23:00etan, berriz, 2020an The Sound of Tomorrow txapelketa ezaguna irabazi zuen DJ Rikki mutrikuarra ariko da musika jartzen Beheko Plazan.
Domekan [urriak 31], adinaren arabera banatuta, arratsalderik odoltsuena, misteriotsuena eta dibertigarriena bizitzeko aukera edukiko dute herriko ume eta gaztetxoek Txantxangorriren eskutik; 17:30ean hasita eta Zabiel Plazatik abiatuta egingo dituzte ekintzak. 18:00etan, berriz, heriotzari buruz berba egiteko topaketa egingo dute Zabiel kultur etxean; Ainara Etxearte psikologo mutrikuarrak gidatuko du Death Cafe deritzon saioa. “Heriotzari buruzko lanketa berezia egingo dute”.
Aurtengo ekintzak astelehenean [azaroak 1] amaituko dituzte. Nahi duten herritarrek Hil aurretik… horma-irudia osatzeko aukera edukiko dute Beheko Plazan. “Arbel antzeko horma-irudi bat ipiniko dugu arkupean, eta bertan jendeak hil aurretik egin nahi dituen gauzez edo kontuez gogoeta egiteko aukera edukiko du. Before I die project nazioarteko egitasmoaren baitan egingo dugu ekintza”.
EGITARAUA
- Urriak 28, eguena
- 17:00. Ipuinaren ordua liburutegian. Zer dago nire armairu barruan?, Lur Usabiaga ipuin kontalariaren eskutik.
- Urriak 29, barikua
- 16:30. Txantxangorriren ekintzak HH3 eta HH4koentzat, Ludotekatik abiatuta.
- 18:00. Txantxangorriren ekintzat HH5 eta LH1ekontzat, Ludotekatik abiatuta.
- 19:30. Axuri Beltza kalejira eta Talaixako Mamuaren erretzea.
- Urriak 30, zapatua
- 18:30. DJ Kaktusen umeentzako diskofesta, Beheko Plazan.
- 23:00. DJ Rikki, Beheko Plazan.
- Urriak 31, domeka
- 17:30. Txantxangorriren ekintzak LH2koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- 18:00. Txantxangorriren ekintzak LH3koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- 18:00. Heriotzaren kafea, Zabiel kultur etxean. Hitz egin dezagun heriotzaz saioa Ainara Etxeartek gidatuta.
- 18:45. Txantxangorriren ekintzak LH4koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- 19:15. Txantxangorriren ekintzak LH5koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- 20:00. Txantxangorriren ekintzak LH6koentzat, Zabiel Plazatik abiatuta.
- Azaroak 1, astelehena
- Egun osoan. Hil aurretik… hormairudia, Beheko Plazan.