Bihar ipiniko dituzte salgai Mikel Urdangarinen kontzerturako sarrerak
Musikari eta abeslariak azaroaren 6an eskainiko du kontzertua Markina-Xemeigo Uni pilotalekuan. Kontzertua Xemein abesbatzaren 45. urteurrenaren baitako ekitaldi bat da.
Markina-Xemeingo Xemein abesbatzak antolatuta, Mikel Urdangarinek kontzertua eskainiko du azaroaren 6an, 21:00etan, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Sarrerak barikuan [urriak 29] ipiniko dituzte salgai.
Zehaztu dute bariku goizean [urriak 29] udaletxeko Berton bulegoan egongo direla salgai. Arratsaldetik aurrera, ostera, udaletxeko kutxazainean egongo dira, agortu arte. Dena dela, aurreratu dute emanaldiaren egunean bertan ere Uniko leihatilan sarrera batzuk egongo direla salgai; 19:30ean zabalduko dute Uniko txarteldegia. Sarrerak 15 euro balio ditu.
Aurten 45 urte bete dira Xemein abesbatza sortu zenetik. Urteurren horren harira, abesbatzak ekintza batzuk antolatu ditu, eta Urdangarinen kontzertua da horietako bat. Abesbatzeko kideek esan dute kontzertua adin guztietako herritarrek gozatzeko modukoa dela eta udalaren laguntzagaz antolatu dutela.
Izurdeen lekua diskoa. Urdangarinek 2020an argitaratu zuen Izurdeen lekua bere azken diskoko abestiak eskainiko ditu Markina-Xemeinen. Musikari eta abeslari euskaldunak diskoaren izenburuaren zergatia ere azaldu du: «Iazko maiatzaren hasieran, eta haien intuizioak gidaturik, izurde talde batzuek gure kostaldea bisitatu zuten, nire disko berriarekin jarraitu ala ez erabakitzen ari nintzen garai berean». Gaineratu du azken disko hori «oroitzapenez betetakoa» dela.