Heldu da hirugarren Master Goxua txapelketa
Zapatuan [urriak 30] emango dituzte lehenengo pilotakadak Markina-Xemeingo frontoi txikian. Finalaurrekoak abenduaren 11n jokatuko dira, eta abenduaren 18an izango dira finalak.
Zaleen txaloak eta pilotaren soinua ekarriko ditu berriro Master Goxua Txapelketak Markina-Xemeingo frontoi txikira. COVID pandemiak eragindako neurrien ondorioz iaz publikorik barik jokatu zen txapelketa bertatik bertara jarraitzeko aukera edukiko dute aurten pilotazaleek. Asteburu honetan hasiko da lehiaketa martxan.
Guztira 27 bikote ariko dira zein baino zein gehiago, hamasei bikote lehen mailako lehiaketan eta 11 bigarren mailakoan. Aste honetan egin dute aurkezpena Markina-Xemeingo frontoi txikian; bertan egon ziren parte hartzaileetako batzuk, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko ordezkariak eta Lander Fernandez kirol zinegotzia.
Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak argitu duenez, kanporaketa eran jokatuko dute txapelketa. “Bikoteak bi mailatan banatuta jokatuko dute, lehenengo maila eta bigarren maila. Maila bakoitzean talde desberdinak egongo dira, eta ligaxka bat jokatuko dute euren artean, denak denen kontra”. Bikote bakoitzak hiru partida jokatuko ditu, eta lehenengo gelditzen direnak finalaurrekoetara igaroko dira.
Gutxi gorabehera hilabete eta erdi iraungo du norgehiagokak. Zapatuan [urriak 30] hasiko da jokoa, finalaurrekoak abenduaren 11n jokatuko dira, eta abenduaren 18an izango dira finalak.
Txapelketa jokatuko duten pilotari gehienak Markina-Xemein edo inguruko herrietakoak dira, Aulesti, Etxebarria, Munitibar eta Berriatukoak besteak beste. Hala ere, badaude hainbat Lea-Artibai eskualdetik kanpokoak, Gernika-Lumoko hiru bikote, Soraluzeko bikote bat eta Eibarko beste bat esate baterako.
Iaz baino pilotari gutxiago ariko dira bigarren mailan. Urionabarrenetxeak esan duenez, pilotari berriak heldu dira txapelketara baina bajak ere badaude. Azken horiek animatuko ditu datorren urtean berriro lehiaketarekin bat egin dezaten.