Joseba Aranzabal: "Egungo emate eta transplante tasak mantentzea da erronka"
Osakidetzako nefrologoa (giltzurrunetako medikua) da Aranzabal. Jendea solidarioa dela dio, eta egiten dutenaz eta etorkizunera begira dituzten erronkez aritu da.
1986ko abuztutik Osakidetzako transplanteen koordinatzailea zara. Urtean zenbat transplante egiten dituzue?
Gurutzeko ospitalean urtean giltzurrunetako 140-160 transplante egiten dira eta gibeleko 55-65. Emate tasari dagokionez, urtean milioi biztanleko 70 giltzurruneko transplante egiten ari gara; Frantziak 55 egiten ditu, adibidez. Umeen artean, zorionez, ez dira ohikoak giltzurrunetako transplanteak, giltzurrunetako patologiak euren artean intzidentzia baxua daukalako. Baina egon badaude. Umeen dialisirako Gurutzetako Ospitalea da erkidegoko erreferentziazko zentroa, eta Galizia, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leongo iparraldea, Errioxa, Nafarroa eta Aragoiko umeei ere bertan egiten zaizkie transplanteak. Itxaron zerrendan lau-zortzi ume egon ohi dira. Umeei giltzurruneko 200 transplante egin dizkiegu azken hamabost-hogei urteetan. Gibelekoan milioi biztanleko 30-32 transplantetan gaude, AEBetan 27n, Frantzian 20n, Erresuma Batuan 14n…
Zelako garapena eduki duzue?
1986an martxan hasi ginenean, milioi bat biztanleko zazpi emaile baino gutxiago geneuzkan, 1990ean hogeira heldu ginen, 90eko hamarkada amaieran 38ra eta 2000n 45era. 2009-2010ean 50era heltzea lortu genuen, tasa esanguratsua. 2016an, emaileak lortzea sendotzeko ekintzen ondorioz, 60ko emaile tasara ailegatu ginen, eta egun, pandemian egon arren, 45-50ekoa mantentzen ari gara.
“Giltzurruneko transplanteak egiten ditugu gehien. Emaileak bi dituenez, bi pazienteri egin dakioke transplantea. Itxaron zerrenda handiena du”
Pandemiak zelan eragin du?
Hainbat modutara. ZIU oheak okupatuta egoteak eragina eduki du. Emaileak ZIU oheetan ospitaleratzen dira eta transplantatutakoak ebakuntzaren ostean ZIU edo antzekoan sartzen dira.
Zelakoak dira gure zifrak?
Azken hamarkadan Alemaniak milioi bat biztanleko 12 bat emaile ditu; tasa hori guk 1990ean gaindituta geneukan. Frantziak 26, Austriak 24, Belgikak 27, AEBk 26… Beraz, emate tasa onak ditugu. Munduan emate tasa handiena daukan herrialdea Espainia da; azken hamarkadan bere bataz bestekoa 40-41 da.
Hemen noiztik egiten dira giltzurrunetako transplanteak bizirik dauden emaileekin?
Duela hamabost bat urte hasi ginen. Oso garrantzitsuak dira. 20-25 egiten ari gara urtean. Normalean emailea hurbileko senitarteko bat izaten da. Emaileak hildakoak izaten diren kasuekin alderatuta, biziraupena hobea da, immunologikoki konpatibilitatea hobea delako senitartekoen artean. Gainera, senitarteko bati biriki bat emanda, itxaron zerrendakoei aukera bat ematen ari zara. Zerrendako batzuek ez dute senitarteko emailerik bizirik edo egoera klinikoagatik ez dira bateragarriak bizirik dagoen emaile baten giltzurrunagaz.
Elkarlanerako akordioarik badaukazue?
Kantabriagaz bihotzeko eta birikietako transplanteak egiteko akordioa dugu, eta errioxar gobernua akordioaren barruan dago. Euskaldunon transplanteak Santanderreko Valdecilla Ospitalean egiten dira. Hemen ematen diren organoak hara eroaten dira, euskal, kantabriar eta errioxar pazienteentzat. Ez da kontuan hartzen emailea nongoa den, itxaron zerrendaren arabera egiten da transplantea. 12-14 bihotzeko eta 12 birikietako transplante egiten dituzte urtero. Eta Errioxagaz giltzurrunetako transplanteetarako itxaron zerrenda bateratua dugu. Bestalde, duela 35 bat urtetik gaixoen erakundeek gugaz kolaboratzen dute; 90eko hamarkada amaieran hamar familiatik sei-zazpik ematen zituzten organoak, orain hamarretik bederatzik. Hori elkarlanaren fruitua da.
“Jendea solidarioa da. Herritarren borondateagatik eta osasun sistema publikoagatik eta Osakidetzaren azpiegituragatik ez balitz, emate eta transplante programak ez lirateke existituko eta ez lukete funtzionatuko”
Hezur-muineko transplanteetan ere lankidetza funtsezkoa dela diozu.
Transplanteetako koordinazio taldeak eta Fundacion Carrerasek lankidetzan dihardute emateen sustapenerako. Boluntarioen artean 200etik bat izaten da benetako emailea. Transplante mota bi daude: autologoa (norberak norberarentzat, norberaren zelulekin) eta alogenikoa (pertsona batetik beste batenganakoa). Azken horien artean bi mota daude: familiarra eta ez familiarra. Hezur-muina emateko bateragarriak diren senitartekorik ez dutenek munduko edozein lekutatik etorritako emaileena jaso dezakete. 18-40 urte bitartekoa izatea da baldintzetako bat. Patologia batzuk dituztenek ezin dute emaile izan. Orokorrean, ez da arazorik egoten.
Zein da gehien transplantatzen den organoa?
Giltzurruna. Emaileak bi dituenez, bi pazienteri egin dakioke transplantea. Itxaron zerrenda handiena du. Ordezko tratamendua duenez, transplantea heldu arte pazienteak dialisian egon daitezke. Ondoren, gibelekoa dago eta atzerago, bihotzekoa eta birikietakoa. Ehunen artean hezurra da ohikoena eta gero kornea. Bestalde, zesarea bidezko erditzeetan mintz-anmiotikoa lortzen da, eta kornea gainean jartzeko erabiltzen da. Zilbor-hesteetako odola ere batzen da, munduko bankurako.
Bataz beste zenbat transplante ateratzen dira ondo?
Biziraupenei dagokionez, organoen transplanteetan bi termino erabiltzen ditugu: pazientearen biziraupena eta transplantearena (injertoarena). Giltzurruneko transplanteetan, bost urtera pazientearen biziraupena %90 da. Bost urtera esaten dugu, lehenengo urteetan egoten direlako arazo gehienak. Injertoari dagokionez, giltzurreko transplanteetan, bost urteren buruan transplantea ia %80an funtzionatzen edukitzen dute. Gibelekoan, gutxi gorabehera %85ean eta bihotzekoan eta birikietakoan %70 inguruan. Emaitzak onak dira.
Ze faktorek eragiten dute?
Emaitzetan eragiten duen faktore argi bat dago: mediku-kirurgiko taldeak duen esperientzia. Giltzurrunetako 3.000 transplantetik gora eta gibeleko 1.100-1.200 egin ditugu urteotan.
Itxaron zerrendak zenbatekoak dira?
Normalean 140-160 egoten dira giltzurruneko transplanteen itxaron zerrendan eta gibelekoan 8-12. Valdecillan bihotzetako bizpahiru eta birikietakoan hiruzpalau egoten dira.
Zelako formakuntza programak dituzue?
Beste erkidego batzuetako lankideekin 150 bat ikastaro egin ditugu urte hauetan. Organo emate eta transplante prozesuei buruzko formakuntzekin hasi ginen. Emaileen familiekin egin beharreko elkarrizketei buruzko ikastaroak oso emankorrak izan dira. Laguntza harremana deritzogunaren teknika hobetzen joateko da. Zendu den pertsonaren familiari dolua gainditzen laguntzeko eta organoak eta ehunak emateko daukaten aukera eta eskubidea eskaintzeko da.
Askotan diozue emaileak behar direla. Kontziente gara?
Organo eta ehunak emateak pertsonen bizitza salbatzeko edo, gutxienez, bizi-kalitatea hobetzeko balio du, batez ere ehunen kasuan. Gaur niri tokatu ahal zait eta bihar zuri. Hori askotan ez dugu pentsatzen, eta uste dut pentsatu beharko genukeela. Jendea solidarioa da. Herritarren borondateagatik eta osasun sistema publikoagatik eta Osakidetzaren azpiegituragatik ez balitz, emate eta transplante programak ez lirateke existituko eta ez lukete funtzionatuko. Kolaboratzaileek eta sistemaren azpiegitura izugarriak eusten gaituzte. Profesional ia denek parte hartzen dute era batera edo bestera. Komunikabideei ere eskerrak eman nahi dizkiet, ekarpen oso garrantzitsua egin baitute emateen sustapenean.
Ze erronka nagusi dituzue?
Egungo emate eta transplante tasak mantentzea da erronka. Eta proiektu berrietan pentsatzen ari gara beti, adibidez, patologia neurodegeneratiboak dituzten pazienteen emateetan. Bizirik dauden emaileen giltzurrun transplanteak hobetzea eta ahal bada, gehitzea ere bada erronka.