Santo Tomas azoka ospatuko dute berriro Lekeition
Azokan parte hartzeko deialdia egin die udalak ekoizleei. Urtero modura abenduaren 21ean egingo da azoka.
COVID-19 pandemia dela eta, iazko urtean bertan behera geratu behar izan zen Santo Tomas azoka Lekeition, aurten, baina, egoerak hobera egin duenez, abenduaren 21ean nekazari eta abeltzainen produktuak eskuratu ahalko dira berriro Lekeitioko plazan.
Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, jadanik hasi dira azoka prestatzen, eta horretan parte hartu nahi duten ekoizleentzako deialdia egin dute. “Aurten, guztira, 25 postu egongo dira azokan, eta horietan produktuak saldu ahal izateko ezinbestekoa izango da hurrengo astean zabalduko den deialdian parte hartzea”. Izen ematea azaroaren 2tik 15era egin ahalko da udalaren bulego orokorretan edo Lekeitioko Udalaren helbide elektronikora idatziz. Informazio guztia eta oinarriak udalaren web orrialdean aurkitu ahalko dituzue.
Gogora ekarri dutenez, Santo Tomas azokaren helburu nagusia Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatzea eta, aldi berean, haien produktuak erakustera ematea da. Horrela, azokara joaten diren guztiek kalitatezko produktuak aurkitzen dituzte Independentzia plazan kokatuta egoten diren postuetan. Besteak beste, ortuariak, esnekiak, ogia, txerrikiak, ahatekiak, kontserbak edota eztia egoten dira urtero. “Produktu freskoak eta sortu berriak izaten dira, kasu askotan artisautzako prozesuen bidez ekoizten direnak eta zuzenean ekoizten duen pertsona bera izaten da saltzen duena”.