Lekeitioko ostalaritzako terrazen ordenantzari ekarpenak egiteko epea zabaldu dute
Interesdun guztiek ekarpenak egin ahalko dituzte udaleko bulego orokorrean; abenduaren 1a da ekarpenak egiteko azken eguna.
Lekeitioko Udalak terrazen gunea handitzeko aukera eman zieten ostalaritza establezimenduei pandemian, ostalariei lagundu asmoz. Orain, osasun larrialdia amaitu denean, araudi berria zehaztu du udalak, eta ostalaritzako terrazen erabilera arautzeko ordenantza egin du. Eta nahi dutenek ekarpenak egin ahalko dizkiote ordenantza horri. Abenduaren 1a da ekarpenak egiteko azken eguna; udaleko bulego orokorrean egin behar dira ekarpenak.
Udalak jakitera eman duenez, ordenantza horren helburua espazio publikoan edo erabilera publikoko espazio pribatuetan ostalaritzako terrazak eta horien instalazio osagarriak jartzeko araudi bat ezartzea da. Terrazatzat terrazatzat jotzen du udalak mahai, aulki zein horien elementu osagarrien multzo osoa, hala nola, itzalkinak, olanak, alboetako babesak, argiak eta berogailuak.
Ordenantzan jaso dutenaren arabera, ostalaritzako lokal bat irekitzeko lizentziaren titular direnek edo ostalaritzako jarduera bat abian jartzeko jakinarazpena egin dutenek bakarrik jarri ahal izango dituzte terrazak edo mahaitxoak.
Iriste erraztasuna bermatuta. Bestalde, ezin izango da terrazarik jarri gutxienez bi metroko pasabide askea bermatzen ez duten espaloi zein oinezko bideetan, oinezkoen pasabideetan, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuetan, etxebizitzetako atarietan, larrialdietarako irteeretan, bus eta taxi geltokietan, eta beira, kartoi, zarama eta abarren kontainerren eremuetan ezta aipatutako gune guzti horien inguruetan ere, terrazak instalatzean erabilera normala eragozten bada.
Instalazioaren baldintzak eta altzarien ezaugarriak ere zehaztu dituzte. Horrela, kanpoko eguzkitakoak eta olanak gehienez 2×2 metroko neurria izango dute. Gainera, Alde Zaharraren kasuan, horrelako elementuak jartzea baimentzen da oinezkoentzako kaleetan, plazetan eta 6 metrotik gorako gune libreetan.
Ordenantzan jasotako muga orokorrez gain, udalak banan–banan aztertuko ditu berezitzat hartutako tokietan terrazak jartzeko egiten diren proposamenak, oinezkoen dentsitate handia zein ondare–balio berezia bezalako arrazoiengatik. Atal honetan sartzen dira, Independentzia plaza, San Kristobal plaza, eliza aurreko plaza eta Arranegiko Zabala.