Bodyboard eta surf txapelketak jokatuko dira Karraspion
09:30ean hasiko dira lehen txandak, eta antolatzaileen asmoa txapelketa arratsalderako amaitzea da. Gaur [azaroak 12] da azken eguna txapelketetan izena emateko.
Artzabal Surf Elkarteak antolatuta, surf eta bodyboard txapelketa jokatuko da zapatuan [azaroak 13], Mendexako Karraspio hondartzan. Hainbat kategoriatan jokatuko dira txapelketak, gazteenetatik hasita helduen mailetara arte, nesketan zein mutiletan. 09:30ean hasiko dira lehen txandak, eta antolatzaileen asmoa txapelketa arratsalderako amaitzea da.
Gaur [azaroak 12] da azken eguna izena emateko, eta beraz, antolatzaileek bihar [azaroak 13] goizean antolatuko dituzte txandak, parte hartzaile kopuruaren arabera. Oraingoz, bodyboard txapelketarako hemeretzi lagunek eman dute izena; surf txapelketarako, ostera, bederatzik.
Surf txapelketari dagokionez, 14-15 urte bitarteko gazte batzuek ere eman dute izena parte hartzeko, eta beren beregi adin tarte horretarako lehia antolatzea pentsatzen ari direla azaldu dute Artzabal Surf Elkartekoek. “Adin horietako beste gazteren batzuk animatuko balirateke, gazteen txanda bat ere prestatuko genuke”.
Bodyboard txapelketagaz hasiko da biharko jardunaldia, parte hartzaile kopuru handiena duelako, eta surfagaz jarraituko dute. “Modalitate bietako finalak ere elkarren atzetik lehiatuko dira”.